Astebete eskasean hiru emakumek salatu dute kalean sexu erasoa egin dietela Pasaian (Gipuzkoa). Hilaren 17an gertatu ziren ustezko bi eraso, goizaldean; ostiralean, beste andre batek salaketa jarri zuen Ertzaintzarenean. Inor ez dute atxilotu oraingoz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak BERRIAri baieztatu dionez. Ustezko erasoak inguru berean eta denbora tarte laburrean gertatu badira ere, Poliziak ez du uste kasu guztietan erasotzaile bera izan denik.
Pasai San Pedron gertatu zen ustezko lehen erasoa, hilaren 17an, ostiralean, goizaldera. Andre batek polizia etxean salatu zuen eraso egin ziotela; bi gizon jo zituen erasotzailetzat. Ordu batzuen buruan, andre bat zaurituta aurkitu zuten Trintxerpen, kalean, eta erietxera eraman behar izan zuten. Pasai Donibanen eraso ziotela salatu zuen beste andre batek joan den astean; berak dioenez, ostegun gauean egin zioten aurre. Salaketak ikertzen ari dira.
Beste hiru kasu
Herritarrek protesta egin dute sexu erasoengatik salaketak izan direla jakin eta gero. Igandean, elkarretaratze bat egin zuten Pasai Donibaneko plazan. Aurreko astelehenean ere egin zuten protesta bat Pasai San Pedron, asteburuko salaketen harira. Dozenaka herritar atera dira protestara.
Oiartzualdean bertan, Errenterian, gizon bat atxilotu dute asteburuan, urruntzeko agindua hautsi duelakoan; haren bikotekide ohiak hots egin zion Poliziari, larunbat arratsaldean, eta jakinarazi zuen lantoki inguruan zebilela gizona. Donostian, beste gizon batek hautsi zuen bikotekide ohiarengana ez hurbiltzeko agindua larunbatean; andrearen kontrazaintza egiten ari ziren ertzainek atzeman zuten, emakumearengandik hurbil zebilela ikusita.
Gasteizen, bikotekide ohia sexu harremanak izatera behartu izana leporatu diote gizon bati. Andrearen oihuak entzunda deitu zioten bizilagunek Ertzaintzari. Emakumeak poliziei adierazi zien sexu harremanak izatera behartu zuela gizonak eta ezezkoa eman zionean leihotik botatzeko mehatxua egin ziola eta aulki batekin erasotzen saiatu zela.
Pasaian ustez izandako hiru sexu eraso ikertzen ari da Ertzaintza
Astebete eskasean hiru emakumek jarri dute salaketa; nolanahi ere, Poliziak uste du ez dela erasotzaile bakarra izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu