Pasaiarako «portu berri eta modernoa» eskatu dute

Kanpoko kaia ez da Sustapen ministroaren inbertsioetan agertu, baina portu agintaritzak beharrezko ikusten du

inaki petxarroman
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Pasaiak «azpiegitura berri eta moderno bat» behar duela adierazi du Lucio Hernando Pasaiako (Gipuzkoa) Portuko Agintaritzako presidenteak. Propeller Clubek —Euskal Autonomia Erkidegoko portuetako enpresak eta horien ordezkariak biltzen dituen elkarteak— antolatutako bisita batean, mezu hori bidali du Hernandok, hain zuzen ere Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak Kongresuan 2024 arteko Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza Plana aurkeztu eta biharamunean.

Plan horretan, Pasaiako kanpoko portua egitea ez da ageri lehentasunezko proiektuen artean. Bai ageri dira, esate baterako, Zierbenako dartsena (Bizkaia) amaitzeko lanak; 2024 artean egingo dituen inbertsioetan, Pasaiako kanpoko kaiari aipamenik ez dio egin Sustapen Ministerioak, ordea.

Espainiako Gobernuaren egoera ekonomikoa oso zaila dela eta zorpetze gehiago ez duela onartuko adierazi zuen Pastor ministroak agerraldi horretan. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburua aurrean zela, Hernandok atzo nabarmendu zuen Bilboko eta Pasaiako portuak beharrezkoak direla. Gogorarazi zuen Pasaiako portua Gipuzkoako enpresarik handiena dela eta 4.500 lanpostu —zuzenekoak eta zeharkakoak batera zenbatuta— haren menpe daudela.

Alabaina, gaur egungo portua zaharkitua geratu dela eta berri bat behar dela nabarmendu zuen Hernandok. Bi arrazoi eman zituen: batetik, badia lehengoratzea; bestetik, Gipuzkoari portu azpiegitura «moderno» bat eskaintzea, enpresek garraio eta logistika zerbitzu «lehiakor eta eraginkor bat» izan dezaten.

Propeller Clubeko ordezkariek eta agintariek txalupa ibilaldi bat egin zuten Pasaiako portuan barrena. Amerikako Estatu Batuetako eta Europako portuek elkar ezagutzeko gune bat da kluba; orain urtebete osatu zen Euskal Herrian. Orainarteko bisita guztiak Bilboko portura egin ditu. Atzo egin zuten Pasaiara lehena.

Espainiako eraikuntza enpresen patronala ere kezkatuta agertu da Sustapen Ministerioaren planarekin, eta ohartarazi dio Espainia ez dela krisitik aterako eraikuntza sektoreak burua altxatzen ez badu. Inbertsio gehiago egiteko eta ahalmen handiko errepide guztietan bidesariak jartzeko eskatu diote Pastorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.