Pastorrek dio ezker abertzaleak «benetako urratsa» egin duela

Lopezek Sorturi buruz esandakoak kritikatu ditu Basagoitik eta zuzenketa eskatu du Cospedalek

Erredakzioa
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Madrildik arretaz jarraitzen ari dira PSE-EEko buruzagiak Sorturi buruz esaten ari direnak. PSOEko antolakuntza idazkari Marcelino Iglesiasek ez du alde handirik ikusten Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarreren artean. PPren buruzagiek, baina, ez dute euren haserrea ezkutatu eta alderdi horretako idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek zuzenketa eskatu dio Patxi Lopezi. EAEko PPren presidente Antonio Basagoitik ere ez du bat egiten Gasteizko parlamentuan babesten dituen sozialisten adierazpenekin. Hala ere, nabarmendu du adierazpenak baino gehiago sozialisten «ekintzak» izango dituela kontuan.

Lopezek Público egunkariari eskainitako elkarrizketa bateanesandakoak harrotu ditu hautsak. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du ETA eta Sortu bereizi egin behar direla, eta horregatik ez direla lotu behar ETAren desagertzea eta Sorturen erregistroa.

Atzo eginiko adierazpenetan, PSE-EEko eledun Jose Antonio Pastorrek bat egin du Lopezen hitzekin. «Ezker abertzalearen zati handi batek benetako urratsa egin du bakerako bidean. Hautua ez da taktikoa, estrategikoa baizik», nabarmendu du.

Pastor baino zuhurragoa da PSOEko antolakuntza idazkari Marcelino Iglesias. Bere ustez, «denbora» behar da indarkeriaren aurrean ezker abertzaleak azaldu duen jarrera «benetako den edo ez jakiteko». Nolanahi ere, Lopezek esandakoarekin bat egiten duela adierazi du. «Hobe da ezker abertzaleak esatea indarkeriaren eta atentatuen aurka dagoela isilik geratzea baino».

Lopezekin bat eginez, Sortu eta ETA bereizi ditu Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak ere. «Juridikoki Sortu ez da ETA. Hala izango balitz sustatzaileak espetxean egongo lirateke».

PPren idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu dio Lopezen hitzak zuzentzeko.

Samurrago azaldu da EAEko PPren presidente Antonio Basagoiti. Uste du PSE-EEko kideak «bozetara begira» daudela eta horregatik egin dituztela adierazpen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.