Arabako ustezko espioitza eta ustelkeria auzian erantzukizun politikoak zuritu behar direla uste du Jose Antonio Pastor PSEko eledunak. EAJ auzi horretan murgilduta egon daitekeela iradoki du: «Usain txarra dario», adierazi du. Urrutiago ere jo du,Iñaki Gerenabarrena EAJko Araba Buru Batzarreko presidentea susmopean jarrita: «Jakin dena jakinda eta gertatu dena gertatuta, Gerenabarrena PSE-EEkoa izango bazen, ziurrenik ez zen egongo oraindik bere karguan».
PSEko buruzagia gogor mintzatu da EAJren aurka, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Pastorrek adierazi du Miñao auzian EAJrekin zerikusia duten «pertsona asko» daudela inputatuta, eta, beraz, nekez sinets daitekeela afera guztia «bat-batean» gertatu denik. Pastor ziur da atzean asmo politikoak egon badaudela eta «norbaitek» agindu zituela ustezko ustelkeria eta espoitza kasuak. «Badirudi hogeita hamar urtez agintean egotearen ondorioz sortutako egoera dela, herriaren jabe zarela uste duzunean erraza baita hainbat tentaldi izatea».
PSEko bozeramaileak ez du uste Eusko Legebiltzarreko batzordeaketa epaileak orain arte egindako ikerketek Miñao auziaargitzeko balio dutenik. «Oraindik gauza asko daude argitzeke, eta badago zer eztabaidatu».
Inputatuen jarrera
EAJk Miñao auzian inputatuta dauden alderdikideekin izan duen jarrera ere kritikatu du Pastorrek: «EAJk ez du azkar eta tinko jokatu». Inputatuen jokabidea ere ez zaio gustatu PSEko buruzagiari. Izan ere, haren ustez, onartezina da hainbat inputatuk uko egin izana ikerketa batzordean agertzeari, eta batzordean agertu diren gehienek legebiltzarkideen galderarik erantzun ez izana.
Pastorrek uste du EAJ dagoela auziaren atzean
«Iñaki Gerenabarrena PSEkoa izan bazen, ez zen egongo oraindik bere karguan», esan du Jose Antonio Pastorrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu