Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunaren arabera, «gauza bera» dira EAJ eta PP, eta alor sinboliko edo identitarioak baino ez lituzke ezberdinduko. «Ikurrina jarrita ezkutatzen ditu Urkulluk EAJ eta PPren arteko parekotasunak», adierazi du PSE-EEko eledunak. Pastorren iritzian, EAJren «helburu bakarra» litzateke «Euskadiko ongizate estatua desegitea», PP Espainian egiten ari den bezala, eta xedehori lortzeko «agenda ezkutu» bat izatea leporatu dio Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiari.
Bilbon eginiko prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok Pastorrek. Ostegunean, Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaia izateko proposamena aurkeztu ostean, Pastorrek azaldu du alderdi sozialistako kideek hurrengo egunetan adostuko dituztela hautagaien zerrenda eta hauteskundetarako programa.
Atzoko agerraldia, baina, Lopezen irudia goresteko eta EAJren jarrera kritikatzeko erabili zuen PSE-EEko eledunak. Lopezek erakutsitako «lidergo politikoa» eta haren gobernuaren ibilbideak euskal gizarteari eman dion «segurtasuna» nabarmendu ditu. Pastorren ustez, Lopez da euskal autogobernuaren defentsarako «benetako erreferentzia», «buru eta bihotz» ari baita EspainiakoGobernuaren murrizketei aurre egiten, EAJko, Bilduko eta PPko «abertzale faltsuak» ez bezala.
EAJri buruz, berriz, esan du «agenda ezkutu» bat gordetzen duela, Eusko Jaurlaritzan egiteko Espainiako Gobernuak eta Kataluniako Gobernuak egiten dutena. «Haien helburua da ongizate estatua desegitea, eta helburu bera dauka EAJk. Baina lehendakari sozialista bat dagoen bitartean, ez da murrizketa sozialik egongo Euskadin».
Horren harira, Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak herenegun adierazitakoak berretsi ditu Pastorrek, eta Lopezen gobernuak eginiko murrizketak Ibarretxe lehendakariaren gobernuak utzitako «zorrari» aurre egiteko egin behar izan dituela azaldu du.
Era berean, gogor kritikatu du EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek asteazkenean adierazitakoak. Gobernuaren egitura hauteskunde kanpainarako erabiltzea leporatu zion Iturratek PSE-EEri. Gauzak horrela, Pastorrek Urkulluri galdetu dioIturrateren hitzak babesten edo ezeztatzen dituen.
Lehendakaritzak ere, ohar bidez, eskaera bera egin dio EAJren EBBko presidenteari. «Bestela, Jaurlaritzak Iturrateren adierazpenak aztertuko ditu bestelako ondorioak izan ditzakeen ala ez ikusteko, eta azterketa hori oinarritzat hartuta jokatuko du», ohartarazi du.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Pastorren arabera, «gauza bera» dira EAJ eta PP
PSEko kideak Urkulluri leporatu dio «agenda ezkutu bat» izatea, «Euskadiko ongizate estatua desegiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu