Arnaldo Otegik Bateragune auziaren epaiketan azkenengo esandakoari erreferentzia egin zion atzo Patxi Lopezek: «Ezker abertzaleak benetan uste badu ETA soberan dagoela eta traba egiten duela, ez dakit zeren zain dagoen haren amaiera exijitzeko, gainerako demokratek egiten dugun bezala». Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren irudiko, horixe da «guztiak zain dauden pauso eta konpromisoa», eta «euskal gizarteak behar duena».
Bozeramaile politikoek askotan esandako esaldia gaineratu du gero Lopezek: «Topikoa dirudien arren, hau ez da ETAren aldetik espero genuen agiria, ez baitu esaten desagertu egin dela». Izan ere, haren ustez, herritarrei berdin zaie «hiltzen duen ETA bat edo itzaletik eta itzultzeko mehatxu bidez euskal gizartea gidatu nahi duen ETA bat».
Nafarroako Gobernua ere ez du asebete ETAren azken agiriak. «Betiko ETA» ikusi duela dio. Juan Luis Sanchez Muniain bozeramaileak esan duenez, «foru gobernuak espero duen agiri bakarra terroristak aurpegia agerian dutela agertzen direna, armak non utzi dituzten esaten dutena eta biktimei barkamena eskatzen diena da».
Erakunde armatuak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen inguruan balorazio baikorra egiten du agirian. Nafarroako Gobernuaren iritzian, horrek argi uzten du koalizioak eta ETAk «harreman estua» dutela eta «sintonian» ari direla lanean. ETA «borroka armatuaz harro» agertzen dela ohartarazi du Sanchez Muniainek, eta, beraz, balorazio baikorrrik egiterik ez dagoela nabarmendu du.
PPk eta UPDk ere ikusi dute lotura erakunde armatuaren eta Bildu koalizioaren artean agiri horretan. Bilduk erakunde armatuarekin duen «dependentzia» erakusteko elementu bat gehiago dela esan du Soraya Saenz de Santamariak, Espainiako Kongresuko PPren bozeramaileak. Bildu erakundeetatik kanporatzeko bidean, hori kontuan hartzeko eskatu dio Espainiako Barne Ministerioari.
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearen irudiko, berriz, agiriak argi uzten du «helburu terroristen zerbitzuetarako» instrumentu bat dela Bildu. «Panfletotzat» jo du ETAren agiria, eta berak ateratzen duen ondorioa da ETA «pozik dagoela bere ideiak instituzioetara itzuli direlako».
Espainiako Gobernuak ez duadierazpen ofizialik egin ETAk argitaratutako agiriaren inguruan. Nolanahi ere, Antonio Camacho Barne ministroak esan du, herenegun Baigorrin topatu zituzten hiru zuloak «adibide ona» direla ETAren asmoei dagokienez. Zulo horiek aspaldian erabili gabe zeudela esan zuten polizia iturriek, utzita zeudela.
Patxi Lopez ezker abertzaleari begira jarri da, eta ETAri desager dadila eskatzeko esan dio
Espainiako Gobernuaren irudiko, Baigorrin topatutako zuloak ETAren asmoen adibide dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu