Politika

Patxi Zamoraren aurkako "mendekua" salatu du Kontuz-ek

Kontuz elkarteko bozeramaileak 31 urtez lan egin du aire laguntzaile gisa Iberian, eta Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena ukatu dio "ezgai" dela esanda. Konpainiak erabakia neurrigabetzat jo arren, kaleratu egin du.

Patxi Zamora Kontuz!-eko eleduna. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2018ko urtarrilaren 19a
14:34
Entzun

Espainiako Barne Ministerioaren aurka salaketa jarriko du Kontuz elkarteak. "Orain zitalkeriaz jokatu dute guri maila pertsonalean min egiteko. Mendekuz jokatu dute Kontuz-eko bozeramaile ezagunaren aurka. Patxi Zamora lanetik bota dute", salatu du Leire Martin abokatuak. Iberia konpainiaren erabaki horren atzean Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusia dago. Hegazkinetan sartzeko baimena ukatu diote, beste inongo arrazoirik eman gabe.

Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan, Zamorak berak salatu du ustelkeria kasu larria dela. "Ustelkeria ez da soilik diru publikoa ebastea, zerbitzu publikoak herritarrak zigortzeko erabiltzea ere ustelkeria da", gaitzetsi du. Kontuz-eko aurpegi ezagunena da Zamora, eta aurreko legealdian Nafarroako Kutxaren inguruan kaleratutako salaketek min handia egin zieten Nafarroako orduko agintariei. Ez du zalantzarik hariak mugitu dituztela oraingoan bere aurka. "Indartsu sentitzen dira berriro". Hala ere, ohartarazi die amaieraraino ikertuko dutela atzean direnak salatu arte. "Euren aurka itzuliko da".

Zamorak 31 urtez lan egin du Iberian, bere garaian oposizioak irabazi ostean. Inoiz ez du arazorik izan. Berez, aste bat lehenago eman zioten hegazkinetan sartzeko baimena. Era berean, Estatu Batuetan sartzeko bisa berezia eskuratu berri du. Orain, Guadia Zibilaren agintari batek hegazkinetan sartzeko "ezgai" dela erabaki du. Lan arloko abokatu madrildar batek azaldu dionez, diziplina arrazoiengatik ukatu ohi dute baimen hori, baina beti espediente batek arrazoituta, eta normalean epe baten ondoren itzuli egin ohi da.

Haatik, Zamoraren kasuak ezaugarri bereziak ditu. Ez du inongo espediente edo motibaziorik, eta baimena betiko kendu diote. Azaroaren 22an izan zen erabakia, eta administrazio neurri guztiak egin dituzte egoerari buelta emateko. Iberiako buruzagiak, harrituta, Guardia Zibilarekin jarri ziren harremanetan. Haietako batek honako mezu hau helarazi zien. "Patxi Zamorak ez du hemen berriro lanik egingo".

Laguntza eskatu du

Patxi Zamorak lan handia egin du Kontuz-ek ikertutako kasuen berri ematen, eta 2015eko abenduan Aldaketa koalizioaren barruan Senaturako hautagai gisa aurkeztu zen. Horren aurrean, alde batetik, koalizio horretako alderdiei babesa eskatu die. Era berean, egindako ikerketa lanaren ondorioz, sostengua eskatu die kazetariei. Laster babes manifestu bat aurkeztuko dute. Sindikatuen babesa eskatu du.

Egunotan elkartasun ugari jaso duela nabarmendu du, kolore politiko desberdinetako pertsonek laguntza eskaini diotela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.