Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo zabalak Lurralde Elkargoaren sorrera adostu zuen, baina Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente eta Frantziako senatariak horren kontrako jarrera sostengatu zuen atzo. Izan ere, Frantziako Senatuaren eskariz egindako lurralde erreformaren azterketa prozeduran, departamenduak haren gogoeta burutu du. Ipar Euskal Herria departamendu horretan egonik, Labazeeren iritzia traba izan daiteke Lurralde Elkargoa sortzeko. Izan ere, Labazeek, senatari gisa, parte hartuko du Frantziako lurralde erreforma aztertuko duen lantaldean.
Biarnoko senatariak aurkako jarrera defenditu arren, Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariek, Jean Jacques Lasserre, Sylviane Alaux eta Colette Capdeviellek, Lurralde Elkargoaren eskaria defenditzen dute, Frederique Espagnac Biarnoko senatari sozialistarekin batera. Capdeviellek uko egin dio jarrera aldatzeari oraingoan. Irailaren 6an, Hautetsien Kontseiluak Baionan egindako eztabaidan Lurralde Elkargoaren sorrera saihestu eta «esperimentazio» egitura bat sortzea hobesten zuen proposamena egin zuen. Alta, irailaren 13ko bilkuran, proposamena baztertu, eta Lurralde Elkargoaren xedearekin bat egiten zuela jakinarazi zuen. Biarnoko sozialisten presioa pairatu arren, ez du jarrera aldatu oraingoan.
Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo zabalak sostengatzen badu eskumen berezidun Lurralde Elkargoaren eskaria, badira izan xede horren alde egin ez duten hautetsiak Ipar Euskal Herrian, horien artean Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea. Pays egitura hobetsi dute Jean Espilondo eta Guy Mondorgue Angeluko auzapez eta hautetsiak. Alta, gutxiengoan gelditu dira jarrera horiek. «Demokrazian gaudelarik, gutxiengoan, jakin behar da batzuetan isiltzen», erran zuen Espilondok.
Baionako eztabaidaren indarrak estali egin du Biarnon egindako eztabaida. «Labazee kontra bada ere, ez da hori traba izanen Lurralde Elkargoa aitzina ateratzeko», erran du Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Labazeeren iritzia, Euskal Herriko proposamena bezala, Frantziako Senatura helduko da, urrian eztabaida dezan. Lasserrek bezala, Herri Elkargoaren sorrera bake prozesuari loturik doala azpimarratu zuen.
Parisera eramateko prest
Urte luzeetan hautetsiek eta gizarte zibilak egindako gogoeta lanaren garrantzia gogoratu du Sylviane Alaux senatari sozialistak. Lan horren fruitua izan da eskumen berezidun Lurralde Elkargoa zehaztea, beharko lituzkeen eskumenak, arloz arloka, eta horretarako baliabideak zehaztea. Horrekin batera, lege adituen ekarpena ere eskatu zuten, instituzioak beharko lituzkeen funtzioak betetzeko, departamenduaren, Akitaniaren eta estatuaren hainbat eskumen bereganatu beharko lituzkeelako. «Lan hori egina da, eta, orain, diputatu eta senatariak xede hori Parisen defenditzeko prest gaude».
Instituzioaren aldarria aspaldikoa dela gogoratu zuen Alauxek. «Egindako gogoetak zehazteko tenorea heldu da. Zeren beldur dira behar hori ez onartzeko?», galdetu du xedearen aurkakoei zuzendurik.
Jean Lassalle Biarnoko eta Ipar Euskal Herri barnealdeko diputatu zentristak, berriz, orain artean ez du defenditu Lurralde Elkargoa, baina, jarrera aldatu, eta eskaria sostengatu du, bere hautesbarrutiaren erdian eragiten badu ere. «Gizartearen nahia hori bada, eskari horri erantzun behar diogu arduraz». Frantzia mailan eginen den erreformak eragina denetan izanen duela nabarmendu zuen.
«Lurralde kontseilariak eta departamendukoak desagertuko direlarik, bertze zerbait beharko da, eta horri erantzuteko tresna egokia da Lurralde Elkargoa», esan zuen Lassallek, eskuineko zein ezkerreko diputatuekin hori sostengatzeko prest dagoela azalduz.
Paueko senatariak ez du begi onez ikusten Lurralde Elkargoaren xedea
Atzo Pauen egin zen lurralde erreformari buruzko gogoetan Labazeek kontrako jarrera sostengatu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu