Rambo ezizenez ezagutua da P.B. Pausa harrera zentroko segurtasun arduraduna. Haren jokamoldeak izan ziren Atherbea elkartearekin elkarlana eteteko arrazoietariko bat. Geroztik, etorkinek tratu txarrak jasan dituztela azaldu zioten BERRIAri. Oraingoan, maiatzaren 11tik goiti izandako gertakari batzuek piztu dute haserrea Diakite kolektiboan —Pausan ari den laguntzaile sarea da—. Izan ere, Ipar Euskal Herria deskonfinamenduko bigarren fasean sartu zen egun horretan, baina, P.B.-ren erabaki baten ondorioz, etorkinek ez zuten ateratzeko eskubiderik izan. Diakite kolektiboko laguntzaileek adierazi dute mehatxuak eta irainak jaso dituztela telefonoz P.B.-rengandik, eta haren jarrera «autoritarioa» izan dela salatu dute. Bestalde, Diakiteko lehendakariari zentrora sartzea ukatu dio.
P.B.-k laguntzaileen zerrenda «balioesteko» eskumena eman dio bere buruari, baina Diakite kolektiboak azaldu du hasierako hitzarmenean elkartearen eskumena dela laguntzaileen kudeatzea. Egoera ikusirik, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin biltzea erabaki zuten —elkargoak kudeatzen du Pausa zentroa—. Bileran, P.B.-ren jarrera «autoritarioa» azaldu zioten laguntzaileek, baina Etxegaraik babesa erakutsi dio, berretsi du eta «konfiantza osoa» duela. Bilkuraren aktan, P.B. Diakite kolektiboaren lege arduraduna zela agertzen zen, baina kideek uko egin diote akta izenpetzeari. Erabakiak hartzeko moldea «unilaterala» dela esan diote Etxegarairi, eta ez dute onartu P.B.-ren manuetara izatea. Etxegaraik berretsi du Pausan hartzen den erabaki oro P.B.-ren esku dagoela.
Egoera ikusirik, Diakite kolektiboko kide guztiek bilkura bat eginen dute datozen egunetan, zer-nolako erantzuna emango duten ikusteko.