Migratzaileak. Pausa zentroa

«Esnatu izan gaitu ohea ostikoka joz 06:00etan»

Adamak kontatu du «tratu txarrak» pairatu dituela Pausako zentroan. Salatu du P.B.-k bere arauak ezarri dituela, eta ohartarazi du bidean dituen lagunak ere beldur direla Baionan nor atzemanen duten.

Migratzaile batzuk, joan den larunbat goizaldean, Pausa zentroaren atarian, sartu ezinik. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Beldur zara mugimendurik txikiena ere egiteko. Komunera joan nahi baduzu ere, beldur zara galdetzeaz. Ez zara ausartzen kanpora ateratzera, beldur zarelako gero ez zaituela berriz sartzen utziko. Mehatxatua sentitzen zara». Joan den ekainean iritsi zen Pausa zentrora Adama —izen asmatua da—, eta, «egun batetik bestera», handik kanporatu zuen P.B.-k, eta aterperik gabe utzi. Bizi izandakoez hitz egin du BERRIArekin. P.B.-k berarekin eta beste etorkinekin duen jarrera salatu du, egin dion «guztiagatik», eta «etorkinen egoera hobetu dadin».

Antzerki konpainia baten proiektuan parte hartzeko, Pausatik ateratzeko baimena behar zuen Adamak. P.B.-ri galdegin zion, eta «mehatxuak» jaso zituen erantzun gisa. «Biziki ongi oroitzen naiz ostegun batez deitu ninduela, antzerki errepika batean ari nintzelarik, eta esan zidan gauerako ez banintzen itzultzen kanporatuko ninduela eta gaua kanpoan pasatuko nuela. Gauean, beldurrez, Pausara itzuli nintzen. Biharamunean, ordea, ez nintzen lo egiteko orduan itzuli, eta kanporatu ninduen».

Pausako migratzaileek tratu txarrak pairatzen dituztela jakinarazi du Adamak. «Hor ikusi dudana itsuskeria da, benetan». P.B.-ren izena izan du ahoan, etengabe: «P.B.-k gauza ikaragarriak egiten ditu. 06:00etan oheari ostiko joz esnatu izan gaitu».

Eta ez du zalantzarik P.B.-k bere erara moldatu duela zentroko funtzionamendua: «Hori guztia pertsona bakar batek egin du: hark muntatu du jukutria hori guzia. Eskumen guztiak hartu ditu berak soilik, eta egiten duena lazgarria da. Higuingarria».

Ez da Adamaren kasua bakarrik. Joan den igande gauean dei bat jaso zuen. Pausan dagoen lagun batek kontatu zion nola emakume bat eta bi gizon Pausa atarian zeuden, sartu ezinean: «Zentroan dagoen lagun batek deitu nau esateko P.B.-ren ondorioz emakume batek kanpoan lo egingo zuela beste bi gizonekin batera. P.B.-k agindu zuen ateak itxita egon behar zuela gauerditik aitzina».

Ibilbidearen pareko

Migrazio ibilbideak dakartzan zailtasunekin eta traumatismoekin lotu du Pausan jasandakoa: «Momentu zailak jasan ditugu hona iristeko. Marokoko oihanean lo egin dugu hilabete askoz, gauero 04:00etan iratzarriz. Baionara heltzean, iduri du dena bukatu dela, baina ez da bukatua. Pausara iristean, iduri du Marokoko oihana, eta hori guztia, pertsona bakar baten ondorioz».

Adamak baditu ibilbidea egiten ari diren lagunak. Eta haiek ere kezka dute zer gertatuko ote den Baionara iristen direnean. Beraz, handik ez pasatzen saiatuko dira: «Esaten dute ez dutela Baionako zentrora joan nahi. Badakite tipo batek lege guztiak aldatu dituela». Fite zabaldu dira informazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.