Askatasuna erakundeak gaur jakinarazi eta salatu duenez, Pello Odriozola Agirre eta Ines del Rio euskal presoei ere Espainiako Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina ezarri berri diete, eta "horrek bizi arteko kartzela zigorra esan nahi du". Dagoeneko 29 euskal preso politikori aplikatu diete neurri hori. "Euskaldunon neurriko Guantanamo errealdoia eraiki dute Espainiak eta Frantziak", dio Askatasunak.
Neurri horren arabera, Odriozolak (Tolosa, Gipuzkoa) 2018ko urtarrilaren 19an irtengo luke espetxetik. 1988ko urtarrilaren 28an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAkoa izatea egotzita. 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten eta, erredentzioak kontuan izanik, datorren uztailaren 2an aske gelditu beharko luke. Aste honetan bertan, ordea, 197/2006 doktrina ezarri diote. Gaur egun Bonxeko (Galizia) espetxean daukate.
Del Riori (Tafalla, Nafarroa) ere zigorra luzatu egingo diotela esan du Askatasunak, baina oraindik ez diotela kartzelatik irteteko eguna jarri. 1987ko uztailaren 5ean atzeman zuen Espainiako Poliziak, ETArekin harremanak izatea egotzita. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta, erredentzioak kontuan izanik, hura ere datorren uztailearen 2an zen kalera ateratzekoa. Gaur egun Murtziako (Espainia) kartzelan daukate.
Euskal presoak
Pello Odriozola eta Ines del Rio presoei ere "bizi arteko kartzela zigorra" ezarri diete
Askatasunak jakinarazi duenez, 197/2006 doktrina ezarri berri diete. Aurrenak 2018an irtengo luke espetxetik eta bigarrenari oraindik ez diote eguna jarri, baina zigorra luzatu egingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu