Pentsioak

Pentsio duinak galdegin dituzte beste astelehen batez

Pentsiodunak kalera irten dira gaur ere, eta hainbat hiri eta herrietako plazak bete dituzte, pentsio duinen defentsan. ELA sindikatuak larunbateko manifestaziora joateko deia egin du.

Pentsiodunen elkarretaratzea, gaur, Bilboko udaletxearen parean. ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 12a
07:09
Entzun

Aurreko asteetan egin bezala, astelehen honetan ere kalera irten dira pentsiodunak, baldintza duinetan bizitzea ahalbidetuko dieten pentsioen defentsan. Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroak pentsioen %0,25eko igoera iragarri zuenetik hartu dituzte kaleak, eta helburua lortu arte ez dutela etsiko ziurtatu dute.
Gaur ere, elkarretaratze jendetsua izan da Bilbon, udaletxearen parean. Baina ez da bakarra izan. Pentsiodun ugari bildu da beste hainbat hiri eta herritan ere. Zenbait elkarretaratzetan jasotako irudiak ikus daitezke sare sozialetan. Hona adibide batzuk:

Pentsiodunen elkarteek hurrengo larunbaterako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera animatu dute. Ohartarazi dute pentsioen auzia ez dela egungo pentsiodunen interesekoa bakarrik. Hori dela eta, langile eta gazteei ere mobilizatzera dei egin diete.

ELAk, deialdiarekin bat

ELAk jakinarazi du bat egiten duela larunbateko mobilizizaioen deialdiekin. Nabarmendu duenez, pentsioen gaineko eztabaidaren erroan "aberastasunaren banaketa" dago, eta ziurtatu du gaur egun badela pentsioak hobetzeko aukerarik.

ELAk Espainiako Gobernuari eskatu dio 2011 eta 2013an erabakitako pentsio murrizketak bertan behera utz ditzala, eta erosteko ahalmena berma dezala. Erretiro adina 65 urtera itzultzeko eta pentsio berriak hobetzeko ere galdegin du. Horrez gain, ezinbesteko jo du pentsio sistema Euskal Herrian kudeatzea eta haren gaineko erabakiak bertan hartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.