Pentsiodunak

Pentsio eredu propioa erabakitzeko batu dira

Pentsio duinen aldeko mezua eraman dute pentsiodunen elkarteek Gure Esku Dago-ren giza katera. Euskal Herriko errealitatera egokitutako pentsio sistema bat erabakitzeko ahalmena galdegin dute.

Aranbako Penntionistak elkarteko kideak, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, Gure Esku Dago-ren giza katean. ARABAKO PENTSIONISTAK
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 10a
19:15
Entzun

"Hemen bizi, hemen erabaki" izan da Gasteizen, giza katearen azken kilometroan, pentsiodunek gehien errepikatu duten leloa. Gizarteak mezuaren "esanahi sakona" ongi ulertzea nahi du Xabier Rodriguez Arabako Pentsionistak elkarteko kideak; Euskal Herrian bizi diren guztien pluraltasuna aintzat hartzea eta gizarte bizitzari dagozkion gaien gainean erabakitzeko eskubidearen garrantziaz jabetzea, alegia.

Ibilbidearen azken kilometroan eta lehenengoetan elkartu dira pentsiodunak. Bai Gasteizen, baita Donostian ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak galdegin dituzte.

Donostian, udaletxe aurrean izan dira Gipuzkoako pentsiodunen elkarteko ordezkari batzuk, '1.080 euro gutxieneko pentsioa. Hemen bizi eta hemen erabaki. Duintasuna' pankartarekin. "Hego Euskal Herriko pentsio sistema propio bat" eskatu du Maria Serrano eledunak. "Ez gaude paradisu batean. Pentsiodun asko daude arazo handiekin, eta guztiak defenditu nahi ditugu. Alor honetan ere erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu".

Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteek eskaera horri eutsiko dietela nabarmendu du Rodriguezek, eta Espainiako pentsiodunen elkarteetan ez dela halako aldarrikapenik.

Azaldu duenez, Euskal Herrira egokitutako pentsio eredua da eskatzen ari direna, bizitzaren kostuari eta aukera ekonomikoei egokitutakoa. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du pentsio eredu propioa erabakitzeko ahalmena. Rodriguezek ziurtatu du Hegoaldeko lurraldeetan posible dela pentsiodun guztientzako 1.080 euroko pentsioa bermatzea.

Gure Esku Dago-ren giza katea "hunkigarria" iruditu zaio Rodriguezi. Askotariko jendea aldarri berean batu dela nabarmendu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.