Bihar egingo dute bilera Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bi erakundeen artean sortu den ika-mika aztertzeko. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak larunbatean salatu zuen, ohar baten bidez, Gipuzkoak laguntza osagarriak kendu zizkiela pentsiodunei. Diputazioak larunbatean bertan erantzun zuen, polemika «artifizial» bat sortu duela Jaurlaritzak gai honekin. Jaurlaritzak bilera eskatu du, eta diputazioak onartu. Donostian elkartuko dira, bihar.
Jaurlaritzaren arabera, 3.100 pentsioduni laguntza osagarria kendu die diputazioak. Diputazioaren esanetan, ez dira 3.100 lagun, 1.700 inguru baizik. Gainera, diputazioak ez diela laguntzarik kendu erantsi du Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatuak. Laguntza osagarri hori Lanbidek eman behar diela eta Bizkaiak eta Arabak dagoeneko aldaketa hori egin dutela erantsi du, bestalde, Rodriguezek. Laguntza osagarriak 50 euro ingurukoak direla ere jakinarazi zuen. Eusko Jaurlaritzak, berriz, erabaki hori hartzeko diputazioak berarekin hitz egin eta koordinatu behar zuela azaldu du. Diputazioaren erabakiaren berririk ez zuela jaso adierazi du Gizarte Gaietarako Sailak.
Pentsiodunen laguntzei buruz hitz egingo dute Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu