Bañezek pentsioen %0,25eko igoera jakinarazi die eskutitz bidez pentsiodunei. Adinekoak Krisiaren Aurka elkartekoek "burla" bat dela salatu dute: "kaka zaharra". Izan ere, igoerak ez du KPIren igoera ere berdintzen —%1,1ekoa 2017an—, eta, beraz, pentsiodunen gehiengoak eroste ahalmena galduko du, berriro ere.
Adinekoak Krisiaren Aurka elkarteko kideak Iruñeko autobus geltoki zaharraren parean egon dira, goizean eta arratsaldean. Pentsioen egoeraren berri eman diete herritarrei, eta Bañezek bidalitako eskutitzak bildu dituzte, bihar, hari bueltan bidaltzeko.
Aurretik, ordea, manfestazioa egingo dute bihar. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa Gaztelu Plazatik, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzan amaituko da.
Elkarteko kideek adierazi dutenez, protesta ez da igoeraren zenbatekoarengatik bakarrik izango. Aldiz, pentsio sistema publikoa "jasaten ari den erasoa" salatuko dute. Kezka agertu dute pentsio sistema publikoaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten diskurtsoak zabaltzen ari direlako. "Arazoa ez da sistema publikoa, baizik eta ez direla beharrezko baliabideak bideratzen", adierazi du Manolo Burguetek.
Burguetek ohartarazi du estatuak pentsioentzako nahikoa baliabide biltzeko duen zailtasun handienetako bat lan baldintzen prekaritatea dela, kotizazio txikiak ordaintzen direlako. Hala, nabarmendu du pentsioen auzia ez dela adinekoen kontua bakarrik, belaunaldi guztiena baizik; "bereziki, gazteena".
Adinekoak Krisiaren Aurka elkartea osatzen dute Lacarra Adinekoen Elkarteak, Sasoia, Anapp-ek, CCOOren Pentsiodunen Federazioak eta UGTren Pentsionisten Batasunak.