Espainiako Poliziak eman du atxiloketaren berri. Azaldu duenez, Getxon atxilotutako pertsonak iruzkinak idatzi ditu Altsasun (Nafarroa) iragan asteburuan zauritutako bi guardia zibilen aurka; Poliziaren arabera, ETAri eskatu zion "jendilaje hau hiltzen" jarrai zezala.
Erabiltzaile anonimoen salaketek ahalbidetu dute atxiloketa, Poliziaren esanetan. Horregatik, herritarrei eskerrak eman dizkie: "[Espainiako] Polizia Nazionalak beti borrokatu du eta borrokatuko du terrorea, adierazpidea edozein dela ere. Facebooken, egiazko bizitzan bezala, ez du denak balio".
Bertsio ofizialaren arabera, larunbat goizaldean, zerbitzutik kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso zieten hainbat lagunek —45 inguru Guardia Zibilaren arabera—. Ondorioz, Poliziak bi pertsona atxilotu zituen. Aske utzi zituzten biak, karguekin.