Denboralea

Pertsona bat hil da Arruazun, Arakil ibaira erorita

Ibaiek gainezka egin eta arazo ugari eragin dituzte Euskal Herrian. Gipuzkoan bihar arte luzatu dute alerta laranja, eta Urumea ibaiak gainezka egin du Martutenen eta Astigarragan; Araban eta Ipar Euskal Herrian errepide ugari daude itxita; eta Nafarroan.

Lurjauzia izan da Donostiako Easo kalean ere. ARGAZKI PRESS
Arantxa Elizegi - Jon Olano
2015eko otsailaren 25a
07:47
Entzun

Hamaika eragozpen izan dira euritearen eraginez asteazken osoan zehar. Larriena, Arruazun gertatu da, Nafarroan; gizonezko bat hil da, Arakil ibaira erori eta korronteak bultzatuta. Nafarroan bertan, gainezka egin dute hainbat herritan Arga, Ega, Arakil, Larraun eta Ebro ibaiek, eta beste horrenbeste gertatu da Zadorrarekin Araban eta bereziki Urumearekin Gipuzkoan. Ibaia bidetik irten da Martutenen eta Astigarragan, eta Gipuzkoako hiriburuan Easo kalea itxi dute, luizi baten ondorioz.

20:45: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1. mailara igo du larrialdi plana, uholde arriskuagatik. Horrek esan nahi du hainbat ibai bidetik irten direla eta larrialdi baliabideak prest daudela. Bilduta jarraitzen du larrialdi mahaiak.

19:55: 20:45 alderako eman du Euskalmetek itsasgora kostaldean, baina olatuak ez dira espero zirenak bezain garaiak izango. 3,5-4 metro ingurukoak iragarri ditu meteorologia agentziak.

19:45: Pertsona bat hil da Arruazun, Arakil ibaira erori eta ur korronteak eramanda. 18:20 aldera gertatu da ezbeharra, ibai bazterrean paseatzen ari zela. Herriko bizilagun batek uretatik atera du, eta Altsasuko sendagileek artatu dute, baina ezin izan dute gizona onera ekarri.

19:20: Txominen eta Martutenen da Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria, eguraldiak eta Urumea ibaiaren bilakaera bertatik jarraituz.

18:05: Euriteen ondorioz, Urumearen maila 4,33 metrotara iritsi da Martutenen, Hori dela eta, Donostiako Udaleko Krisi Mahaiak Abisu Gorria aktibatu du. Mahaiak bilduta jarraitzen du eta bertan Udal departamentuak eta bizilagunen, nahiz Gobernuko ordezkariak daude. Bestalde, lubaki baten ondorioz itxita egon den Easo kalean errail bat ireki dute.

18:00: Gipuzkoan, Urumea ibaiko arroa da kezka nagusia. Astigarragan eta Hernanin dauden kanpalekuak hustu dituzte, eta Hernanitik Goizuetarako bidea, GI-3410 errepidea, itxita dago. Donostiako Udalak Txomin eta Martuteneko bizilagunei eskatu die Garberara eraman ditzatela autoak, eta bertatik autobus berezien bidez jaitsi ahal izango direla auzoetara.

18:00: Nafarroan, alerta egoeran daude Arakil, Arga, Ega, Larraun, Baztan, Irati eta Ebro ibaiak.

17:50: Araban, hamar errepide daude itxita eguraldi kaskarraren eraginez. Uribarri Ganboako urtegia da kezka iturri, segundoko 70 metro kubo ur askatzen ari baitzen. Horrek uholdeak sortuko ditu Gasteizko hainbat lekutan; esaterako, Abetxuku eta Astegietan. Urtegia %91ko betetze mailan dago, eta datozen orduetan gora egitea espero da.

17:40: Donostian, Urumea ibaiak ez du gainezka egin oraindik Martutene eta Txomin inguruan, baina igotzeko joerarekin jarraitzen du, eta adi egoteko eskatu dute.

17:10: Frantziako Meteorologia Agentziak alerta laranja eman du Ipar Euskal Herrian gutxienez ostegun iluntzera arte (21:00). A-63 errepidea ixtekoak ziren gauerdian Miarritze eta Donibane Lohitzune artean bertan lanak egiteko, baina euriteak direla-eta, atzeratu egingo dituzte lan horiek, eta ez dute errepidea itxiko.

16:30: Gainezka egin dute Urumea ibaiak Goizueta eta Hernani artean eta Oriak Usurbilen.

16:15: SOS Deiek jakinarazi dutenez, Beasaingo Antzizar zubiaren inguruan dauden txaboletako pertsonak aterarazi dituzte.

16:00: Uholdeak izan dira Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere, eta errepide ugari itxi dituzte. Bigarren mailako bideak moztu dituzte, besteak beste, Itsasun, Ahurtin eta Uztaritzen. Gainera, Bidarrai eta Donibane Garazi artean kontuz gidatzeko eskatu dute, uholde arriskua dela eta.

15:40: Balea txiki bat topatu dute Kontxan; bizirik dago eta artatzen ari dira.

15:35: Ega ibaia hazita doa hainbat herritan. Arga ibaiaren bidean, berriz, alerta gorria emana dute Iruñean, Etxaurin eta Arazurin.

15:30: Uneotan Urumea ibaia da arreta guneetako bat. Hernani eta Astigarragako ibai hertzean dauden kanpalekuak hustu dituzte, eta  Donostiako Udalak alerta laranja eman du. Udalak Urumean kaltetutako bizilagunei dei egin die  euren autoak Garberara eraman ditzaten. 15:00etan autobus zerbitzu bereziak izango dituzte handik jaisteko.

Era berean, Elkarguneak irekiko dira Martuteneko Etxarrienen eta Loiolako Kultur Etxean, bertan Donostiako Udalaren ongizateko langileek, beharrezkoa balitz, bizilagunak artatuko dituztelarik. DYA eta Gurutze Gorria jadanik kaltetuak izan daitezkeen guneetara joan dira. Krisi Mahaia bilduta dago, eta Udal Gobernuak etengabe emango ditu egoeraren xehetasunak.

14:50. Hernani eta Astigarragako errumaniarren kanpalekuak hustu egin dituzte.

14:45. Urumea ibaia maila gorrira heldu da Ereñotzu inguruan, Hernanin.

14:00.Euskalmetek euri gehiago iragarri du biharko, nahiz eta ez duen gaur adina botako.

13:35. Iruñean, uholde arriskua dagoen eremuetan autoak dituztenei 16:00ak baino lehen horiek handik kentzeko abisua eman die udalak. Berdin egin dute Burlatan ere.

13:18. Egoera "zaila" dela aitortu eta arretaz ibiltzeko eskatu du Nafarroako Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasek. Bide batez, nabarmendu du gertutik jarraitzen ari direla Arga, Ultzama, Ega eta Baztan ibaien ur emaria, datozen orduetan gainezka egin dezaketelako.

13:00. Cadaguak gainezka egin du Gueñes eta Bilbon, Bolueta parean. Azken horretan urpean geratu da mila etxebizitza inguru eraikitzeko lanak egiten ari diren eremu bat.

12:57. Zadorrak gainezka egin du Abetxuku parean, Gasteizen, eta Billoda bakartuta geratu da.

11:59. Foru Poliziak pertsona bat atera behar izan du autotik, ibilgailua urak harrapatu duenean.

11:17. Urumea ibaiak gainezka egin du Hernani parean.

11:00. Alerta mailagorena ezarri du Nafarroako Gobernuak uholde arriskuagatik.

10:25. Gasteizko Udalak larrialdi aurreko egoera ezarri du Zadorra ibaiak maila laranja igaro ostean.

10:24. Oria ibaiak gainezka egin du Andoainen.

10:00. Iruñeko Udalak alerta maila gorena ezarri du Arga inguruetan, uholde arriskuagatik. Oraintxe segundoko 163 metro kubo ur daramatza ibaiak, eta emariak gora egitea espero da.

09:30. Alerta egoeran jarraitzen dute Castejonen eta Mendabian, Ebro ibaiarengatik; eta Lizarran eta Andosillan, Egak gainezka egiteko arriskua dagoelako.

Euskalmetek, berriz, ohartarazi du egoerak berdin jarraituko duela.

Kostaldean ere alerta horia ezarri dute, atzoko moduan olatu handiak espero baitituzte. Horrez gain, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arreta eskatu dute, eta aholkatu ibai inguruetan autorik ez uzteko eta kanpalekurik ez egiteko. Bide batez, autoa erabili behar izanez gero errepide sare nagusitik joateko aholkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.