Ezbeharra

Pertsona bat hil da Irunen, auto istripuz

N-121-A errepidean izan da ezbeharra, 16:15 aldera. Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute, eta autoaren gidaria hil da.

Irunen (Gipuzkoa) gaur arratsaldean izandako auto istripua. ERTZAINTZA
edurne begiristain
2023ko azaroaren 4a
18:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Pertsona bat hil da gaur arratsaldeko lehen orduan, N-121-A errepidean, Irun parean (Gipuzkoa), auto istripu batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 16:15 aldera gertatu da. Kamioi batek eta auto batek elkar jo dute, eta autoan zihoan pertsona hil da, ia berehala. Istripuaren tokira larrialdi zerbitzuak joan dira, eta haiek ziurtatu dute hilda zegoela. Kamioiaren gidaria zauritu egin da, eta Bidasoko ospitalera eraman behar izan dute.

Istripuaren ondorioz, errepidea itxi egin behar izan dute, eta auto ilarak sortu dira inguruan. Zirkulazioa GI-3455 errepidetik desbideratu dute.

Ertzaintzak istripua argitzeko ikerketa abiatu du.

Hildako bat Argantzonen

Atzo, berriz, 34 urteko gizonezko bat hil zen Argantzonen (Araba) izandako auto istripu batean. 22:50 aldera izan zen ezbeharra, BU-V-7422 errepidearen 4,1. kilometroan. Istripuan beste hiru pertsona zauritu ziren, horietako bat larri. 28 urte ditu larri zauritutakoak, eta 17 eta 18 urte dituzte arin zauritutakoek. Istripua izan zuen autoan zihoazen hirurak. Gaztela eta Leongo Gobernuak jakinarazi duenez, autoa errepidetik irten zen, eta ezponda bat jo zuen. Hildakoa autoaren gidaria zen. Araban bi zela zabaldu dute, baina ez dute esan non.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.