Arratsaldean piztu da sutea, 18:00 aldera, Iruñeko Alde Zaharreko ostatu etxe batean, Eslaba karrikan. Larrialdietako zerbitzuek telefono dei bidez jaso dute abisua, eta eraikinera bertaratu dira suhiltzaileak eta Iruñeko udaltzainak. Oraindik ez da gertatutakoari buruzko informazio askorik, baina Nafarroako Gobernuak jakinarazi du pertsona bat hil dela sutearen ondorioz. Halaber, ostatu etxe berean ziren beste sei lagun zauritu egin dira, kea irentsi baitute.
Sutea kontrolpean da dagoeneko, eta suhiltzaileek ikerketa abiatu dute sutea zergatik piztu den argitze aldera.