Germain Bourdais Secours Catholiqueko arduraduna da Ipar Euskal Herrian. Erabaki zorrotzik hartu ezean larritasunez dakusa pobreziaren bilakaera.
Nola azaltzen da pobreziak bizi duen gorakada nabarmena?
Laguntza eske heltzen zaizkigun kasu gehienetan, %90 inguru, familian bizitako haustura dago iturburuan. Gizartearen izaera bera aldatu da.
Pobrezia gero eta gazteagoa da?
Laguntza eskatzen digutenen artean adinak behera egin du nabarmen. %75 lan egiteko adinean dira eta lanik egiten ez badutearrazoiak bilatu behar dira
Zein dira arrazoiak?
Lan mundua aldatu da. Aldi baterako kontratu laburrak ugaltzen ari dira eta jendeak ez du segurtasunik, ezin du antolatu bere geroa. Pobreziaren emendatze handiena barnealdean dugu eta han arrazoiak bertze batzuk dira, etxebizitza sozialen eraikuntza adibidez. Lehen kostaldean bizi zen jende anitz hara joan da, kostaldean ezin zutelako etxebizitzarik ordaindu. Baina han ere ez dute lanik atzematen edo lana lortzen badute, soilik aldi baterakoa da. Ezinaren gurpila da. Haurrak, etxea, lana, garraioa... Gaur goizean ama gazte bat jin zait bulegora. Autoa zaharra da eta apurtuko zaion beldur da. Ez dauka autoa konpontzeko dirurik eta bera konpontzen saiatu da. Lortu du azkenean, baina hor dago beldurra: autoa hautsi, garraiorik ez, lana galdu, ezin etxea mantendu. Miseria gorria.
Laguntza eskatzen duten %43 emazteak dira. Nola azal daiteke hori?
Hazkuntza handiena barnealdean ematen da eta horrek argi erakusten du guzien babes zen familia eredua desegiten ari dela Euskal Herrian ere. Bikotea haustean emazte anitz bakarrik gelditzen da, familiaren laguntzarik gabe eta haurren ardurarekin. Haurtzaindegi guti daude eta, horrez gain, amak ez du haurrak norekin utzi. Estatu edo erakunde ezberdinen laguntzei esker ordaintzeko dirua balu ere, abantzu ezinezkoa da.
Zein laguntza mota ematen duzue ?
Bi laguntza mota daude: larrialdikoa eta luzarora begirakoa. Jendeak larrialdiak jota heldu dira guregana, jateko edo jantzien eske; baina berehala azaleratzen dira sakoneko arazoak. Nola ordaindu alokairua, nola lan egin etxerik gabe, nola egin argia ez mozteko? Guk kasu horretan laguntzen ditugu, baina hori ez da izaten garrantzitsuena. Gabezia materiala larria bada, oraindik larriagoa da pertsonarengan eragiten duen haustura. Une bat arte bere bizia kudeatu du, baina zailtasunak metatu dira. Horri familiaren haustura gehitu behar zaio kasu gehienetan. Gauzak ezin bideratuz, nortasuna arrailtzen da eta autosuntsitze prozesua hasten da.
Nola lagundu kasu horietan?
Pertsona berregin behar da. Gehienetan suntsitua da hona jiten delarik. Entzutea, tratu duina ematea, funtsean pertsona bezala duen balioa azpimarratzea. Hortik soilik abia gaitezke pertsona hori epe luzerako perspektiban kokatzera.
POBREZIA IPARRALDEAN. GERMAIN BOURDAIS
«Pertsona berregin behar da, gehienetan hautsita dator»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu