Politika «irauli» nahi du Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak. Politikaren erdigunea aldatu. Pertsonak hartu ardatz, etahorien beharrak betetzeari begira egin politika. «Erdigunea interes ekonomikoetan jarri ordez, lehen lerroan pertsonak jartzera konprometitzen gara», adierazi du Bizkaiko zerrendakideak aurkezteko ekitaldian. «Pertsonen garaia da; ez jendea ahazten duten ideiena».
Seguru agertu da Mintegi «gauzak beste modu batera» egin daitezkeela. «Eta badakigu nola egin». Egoera ekonomikoa hizpide hartu, eta ohartarazi du politika neoliberalak «pobreak pobretu eta aberatsak gehiago aberastu» baino ez duela egiten. Baina adierazi du hori alda daitekeela: «Ez diezagutela sinetsarazi ez dagoela beste modurik, soluzioak badaudelako». Ekiteko deia egin du, hortaz. «Egoera ekonomiko larri honen aurrean ezin gara egon besoak gurutzatuta. Jarrera aktiboa hartu behar dugu. Ezkerrak ez du delegatzen; ezkerrak egin egiten du bere bidea».
Egoera ekonomikoak «itota» dauden familiak gogoan hartu, eta ohartarazi du krisiak «luze» iraungo duela eta horiei ezin zaiela eskatu bost urtez itxaroteko; neurriak orain hartu behar direla. EH Bilduk horixe egin nahi duela azaldu du. Pertsonen arazoei, larrialdi ekonomikoei eta hezkuntza, osasun zein kultur beharrizanei irtenbidea eman nahi diela. Eredu politiko eta ekonomiko berriak martxan jarri nahi dituela, «oraingo ereduek ez dutelako balio».
Hain zuzen, «jatorri, eskarmentu eta sexu desberdinetako pertsonak» horretarako bildu direla azaldu du. «Proiektuak egiten gaitu talde». Alboan izan ditu, besteak beste, EH Bilduk Bizkaian bigarren aurkeztu duen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea, hirugarren tokia hartu duen Leire Pinedo EAko Batzar Nazionaleko ekonomia idazkaria, laugarren tokia duen Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea, eta zerrendan bosgarrena den Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Zerrenda ixten duen Periko Solabarriaezkerreko militante historikoa bere lerrotik atera da Mintegik hitzaldia amaitu bezain laster, lehendakarigaia besarkatzeko.
Matutek adierazi du bozen bidez «inoiz baino aukera gehiago» daudela benetako urratsak egiteko «burujabetza, bestelako eredu sozioekonomikoa, normalizazio politikoa eta bazterketarik gabeko herria» lortzeko bidean. Alde horretatik, esan du EH Bildu dela «etorkizun gris eta otzana ezkerretik suntsitu dezakeen bakarra». Hala, Madrildik ezartzen diren eta «EAJk zein PSE-EEk onartzen dituzten» politiken aurrean «benetako kontrabotere herritarra» sortzera deitu du.
Bizkaiko zerrenda osoa aurkeztu zuen atzo EH Bilduk, igandean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendetako lehen bost hautagaiak aurkeztu eta gero. Belen Arrondo sindikalistaren ondoren, Hasier Arraiz ezker abertzaleko kidea izango da bigarren Araban; Julen Arzuaga abokatua hirugarren; Eva Blanco zinegotzia laugarren; eta Igor Lopez de Munain Aralarrekoa bosgarren.
Gipuzkoan, Xabier Isasi EHUko irakaslearen ondoren, Peio Urizar EAko idazkari nagusiak du bigarren lekua; Rebeka Ubera Aralarreko idazkariak hirugarrena; Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohiak laugarrena; eta Lur Etxeberria euskara teknikariak bosgarrena.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Pertsonak beste edozeren gainetik jarriko dituela agindu du Mintegik
Politika eredua «irauli» eta pertsonen beharrizanak «lehen lerroan» jarriko dituela hitzeman du EH Bilduren lehendakarigaiakBizkaiko zerrenda aurkeztu du koalizioak, Periko Solabarria azken postuan duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu