Nagua Alba Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkariak astelehenean esan zuenez, alderdiak aste honetan jakinaraziko du nor proposatuko dien oinarriei Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izateko.
Albak aurreratu zuen euskalduna, emakumea eta "prestigiozkoa" izango zela. Primarioak egingo dituzte orain, eta oinarriek berretsi behar dute zuzendaritzaren proposamena.
BERRIAk galdetuta, Zabalak ez du informazio hori baieztatu. Hala ere, bihar egingo dute xehetasunak emateko agerraldia, Donostian. Bertan izango dira Zabala bera, Nagua Alba eta Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkaria.
GALek hildako Joxi Zabala zenaren arreba da Pili Zabala (Tolosa, 1968), eta bakearen, memoriaren eta elkarbizitzaren alde jardun du urteotan. Ahal Dugu-k eskertu egin dio erabakia: "Bere esperientziarekin euskaldunon mailara egongo den herri proiektu duin eta solidario baten ikuspegia eman dezakeela deritzo". Albak Twitterren egin du aurreneko balorazio publikoa: "Emakume ausart asko behar ditugu politika egiten eta etorkizuna eraikitzen. Ohorea da Pili Zabalak Ahal Dugu-n egin nahi izatea".
Necesitamos muchas mujeres valientes haciendo política y construyendo futuro. Un honor que Pili Zabala quiera hacerlo en @PodemosEuskadi_
— Nagua Alba (@NaguaAlba) 2016(e)ko uztailak 20
Egutegia
Uztailaren 22 eta 24 artean norbanakoek izena emateko aukera egongo da, eta 25ean, zerrendak aurkeztu ahalko dira. Hilaren 27tik 31ra barne hauteskundeen kanpaina egingo dute, 29tik 31ra artean bozketa, eta zuzendaritzak abuztuaren 1ean emango du emaitzen berri; tartean, lehendakarigaiarena.
Joan den astean, ildo kritiko Kaliangorak Juan Luis Uria medikua proposatuko du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako alderdiaren lehendakarigai izateko.