Ia ezer ez da kaltegarria behar bezala erabiltzen bada. Milaka haur gorputz adarrik gabe jaiotzea eragin zuen pilula hari, esaterako, bestelako erabilera bat aurkitu zioten merkatuetatik erretiratu eta gutxira. 1964an Jacob Sheskin biologoak lepra zuen gaixo bati eman zion talidomida. Ordurako botika debekatua zegoen arren, gaixoa salbatzeko aukera bakartzat zuen Sheskinek tratamentua, eta arrakasta izan zuen. Gaixoak hainbat orduz lo egin ahal izan zuen, eta, ondoren, laguntzarik gabe altxatu zen ohetik. Handik urtebetera, Brasilek talidomida saltzeko baimena eman zuen.
Gaur egun herrialde askotan erabiltzen da botika lepraren aurkako tratamendu gisa. Baina, tamalez, haren albo ondorioak ere nabaritzen hasiak dira. Ikerketen arabera, gutxienez ehun haur jaio dira malformazioekin. "Tragedia bat da, batez ere kontuan izanda gertatzen ari dena erraz saihestu daitekeela. Nahikoa litzateke haurdun dauden emakumeei botika ez ematea eta besteei preserbatiboa erabiltzeko aholkatzea", nabarmendu du Lavinia Schuler-Faccinik, Rio Grande do Suleko Unibertsitateko irakasleak.
Datu ofizialen arabera, 2005. eta 2010. urteen artean, 5,8 milioi pilula banatu ziren Brasilen. Horietako asko kontrol neurri gehiegirik gabe eta heziketa maila baxua den inguruetan. Alanen amak pilula horietako batzuk eskuratu zituen. "Ez nintzen ondo sentitzen. Lepra nuen, eta hura hartzeko aholkatu zidaten; beraz, hartu egin nuen. Ez nekien haurdun nengoela". Alan 2005ean jaio zen. Ez dauka ez besorik, ez zangorik.
Brasilen talidomidak kalte egin dietenek laguntzak jasotzen dituzte. Baina horrek ere badu alde ilunik; izan ere, batzuk ez dira inoiz jabetzen malformazioen jatorriaz, edo ez dute laguntzen berri —lepra auzo txiroenetan dago zabalduen, eskolarik ere ez duten inguruetan—. Aldiz, beste batzuk kaltetuen laguntzez baliatzen dira aurrera egiteko. Horietako bat da Jaquelineren familiaren kasua. Gor-mutua da Jacqueline, eta, eskurik ez duenez, ezin du zeinuen hizkuntza hitz egin. Bere familia, ordea, ez da saiatu harekin komunikatzeko beste modurik aurkitzen; telebista aurrean igarotzen du eguna. Haren bitartez jasotako diru laguntzak dira familiaren diru sarrera bakarra. Brasilen ez ezik, Indian ere asko erabiltzen da oraindik botika, baina ez da ikertu haren albo ondorioen inguruan.
Azken aukera
Talidomida lepraren aurka erabiltzen hasi eta ia hamar urtera, 1994an, Harvardeko irakasle Robert D'Amatok aurkikuntza berri bat egin zuen. Botikak tumoreen garapena gelditzen zuen. Beraz, talidomida eta hanturen aurkako beste printzipio batzuk erabiliaz minbiziaren aurkako tratamentu berritzailea bultzatu zuen. Geroztik, herrialde askok talidomidaren aurkako debekua indargabetu dute, eta hura erabiltzen hasi dira azken fasean dauden minbizidun gaixoekin.
Hala ere, zientzialarien artean bada eztabaidarik oraindik. Zenbaitek talidomidaren abantailak txalotzen dituzte; beste batzuek, berriz, nahiago lukete haren ordezko eta albo ondorio hain larririk ez duen beste botikaren bat lortu. Izan ere, eta botikaren inguruko informazioa argia den arren —piluletan ohartarazten da arriskutsua dela haurdun dauden emakumeentzat—, neurria ez da nahikoa herrialde txiroenetan. "Daukagun botika hoberena da. 50eko hamarraldiko talidomida kasuen mamua hor dago, baina mamuak ahazteko garaia da", dio Francisco Reisek, Rio de Janeiroko Curupaiti erietxeko medikuak.