Pintaketa faxistak egin dituzte berriro Bilbo Zaharrean

Sare Antifaxistako kide bat mehatxatu dute. Irantzu Varela ekintzaile feministari ere eraso diote azken asteotan; protesta egingo dute gaur arratsaldean auzoan.

Pintaketa faxistak egin dituzte, besteak beste, faxismoaren aurkako muraletan. SARE ANTIFAXISTA
2019ko urriaren 28a
13:04
Entzun

Sare Antifaxistak salatu duenez, pintaketa faxistak eta sexistak egin dituzte Bilbo Zaharra auzoko plazan eta Xake Espazioan, besteak beste, faxismoaren aurkako mural baten gainean. Espainiaren batasunaren aldeko mezuak jarri dituzte, eta DNJ eskuin muturreko taldeak sinatu ditu. Horrez gain, Sare Antifaxistako kide Eduardo Gonzalezen aurkako heriotza mehatxuak ere egin dituzte pintaketetan. 

Azken asteetan, gainean, Irantzu Varela ekintzaile feministaren aurkako erasoak ere izan dira auzo berean: mehatxuzko pintaketak egin dizkiote lantokian, bere datu pertsonalak zabaldu dituzte sare sozialetan, eta sakelako telefonoaren bidez jazartzen ari zaizkio. Hori guztia gaitzesteko, auzolan feminista antolatu dute gaur arratsalderako, "patriarkatuari eta faxismoari aurre egiteko": 19:00etan elkartuko dira, Lamana kalean. 

Uztailean ere egin zituzten pintaketa faxista batzuk Bilbo Zaharrean, eta tartean izan ziren Gonzalezen aurkako mehatxuak ere; auzolanean ezabatu zituzten. Oraingoan mobilizatzera deitu dute; hain justu, datorren asteko ostiralean, azaroak 8, faxismoaren kontrako manifestazioa egingo dute Bilbon Sare Antifaxistak, SOS Arrazakeriak eta Ekainaren 28ko Koordinakundeak, Kristal hautsien gaua deitutakoa gogoratzeko; 19:00etan aterako dira Arriaga plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.