Bart gauean pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean; hain zuzen, San Frantzisko plazan eta inguruetan. Erorien Monumentuaren aldeko mezuak pintatu dituzte nagusiki. Azken asteetan hainbat protesta egin dira, monumentu hori eraitsi dezatela eskatzeko, eta faxistek Los caidos no se tocan (eroriak ez dira ukitzen) eta gisako mezuekin erantzun dute. Svastikak, Daviden izarrak eta beste ikur faxista batzuk ere marraztu dituzte.
EH Bilduren egoitzaren kanpoaldean ere hainbat ikur faxista margotu dituzte, eta Asiron narizon (Asiron sudur handi) ipini dute svastiken eta Daviden izarren artean. EH Bilduk irmoki salatu ditu bere egoitzan azaldutako pintaketa horiek. «Faxistei ez diegu utziko gure bizitzak eta erabakiak baldintzatzen. Konpromiso osoa dugu bizikidetza eta memoria demokratikoarekin».
Irmoki salatzen ditugu gure egoitzan azaldutako margoketak.
— EHBildu Iruñea (@ehbilduirunea) April 25, 2024
Faxistei ez diegu utziko gure bizitzak eta erabakiak baldintzatzen. Konpromiso osoa dugu bizikidetza eta memoria demokratikoarekin. pic.twitter.com/nOB6PpczHw