Albo ondorio deigarri bat ekarri dute tabakoaren Espainiako eta EAEko legeek. Pipa tabakoak eta zigarro puruek gorakada deigarria izan dute, 2011ko azarora arteko datuen arabera. 2010eko azaroa bitarte baino 12,7 milioi puru ale gehiago saldu ziren iaz: %7,8 gehiago. Bestalde, 12,8 pipa tabako tona gehiago saldu dira, 2010ean baino %73,9 gehiago. Datu horiek errealak ez direla jakinarazi du Espainiako Tabako Merkatari Enpresarien Elkarteko presidente Maria Isabel Gonzalezek, eta «tranpa» baten ondorioa dela nabarmendu du.
Tabako mota bakoitzak ordaindu behar dituen zergak ezberdinak dira, eta puru zein pipa tabakoa dira gutxien pagatu behar dutenak. Hori baliatuta, tabako hostoarekin bildutako zigarretak puru modura merkaturatu dituzte zenbait ekoizlek, zigarro puruak izan ez arren. Ordea, horren bitartez zerga gutxiago ordaintzen dute. «Oso merkeak dira, baina oso kalitate txarrekoak».
Pipa tabakoa biltzeko tabako modura saltzen da, baina merkeago, zerga gutxiago ordaindu behar direlako haren truke.
Zergak bateratu
Erretzaileak tabako mota batetik bestera igaro ez daitezen, zergak bateratzearen alde egin du Tabakismoa Prebenitzeko Espainiako Batzordeak. Zergak Europako Batasuneko herrialdeekin parekatzeko eskatu du, baita tabako moten arteko zergak berdintzeko ere. Hala, zigarro bakoitzeko 17 euro zentimo ordaintzen bada zerga moduan, bildutako zigarretekin 5,5 zentimo ordaintzen dira.
Pipa tabakoaren eta zigarro puruen hazkundearen atzean, «tranpa»
Espainiako tabakoaren zergak Europako Batasuneko herrialdeekin pareka ditzatela eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu