Mendebaldeko Pirinioetako populazioaren denbora luzeko historiari buruzko ikerlanaren emaitza aurkeztuko dute bihar Baionan, arratseko zortzietan, Errobiko unibertsitatean. Populazioen genetikan azken urteetan garatu diren ikerbide eta ezagutza berriak baliatu dituzte Iker taldeak koordinatu duen ikerketa egiteko. Hizkuntzari dagokion geografia ere kontuan hartu dute. Antropologoek, genetikalariek eta hizkuntzalariek elkarlanean egin duten lanaren emaitza aurkeztuko dute Frederic Bauduer antropobiologoak, David Comas genetikalariak, Jean Marie Hombert hizkuntzalariak, Beñat Oihartzabal hizkuntzalariak eta Lluis Quintana-Murci genetikalariak. Hizlarien ondotik galdera-erantzunak egiteko parada egonen da.
Ikerketaren abiapuntua Euskal Kultur Erakundeak euskararen jatorriari buruz antolatu zituen solasaldiak izan dira. Europan arlo horretan dauden ikerketarako protokoloak aintzat harturik, Euskal Herria gainditzen duen ikerketa eremua mugatu dute, eta hemezortzi gunetan zatikatu. Zatiketa egiteko, ez dituzte herrialdeak hartu oinarri gisa, euskalkien eta dialekto erromanikoen eremuak baizik. Euskal Herriko lurraldeaz gainera, ikerketa lanak inguruko eskualdeak ere hartu ditu kontuan: Espainiako aldean, Burgos, Logroño, Kantabria, Aragoi; eta Frantziako aldean, Bigorra, Chalosse eta Biarno.
Orotara, 967 pertsonaren DNA laginak aztertu dituzte; eremu bakoitzean, 50 pertsona inguru. «Bi irizpide egon dira lagina hautatzeko: alde batetik, gizonak izatea, eta, bertze aldetik, 60 urtez gorakoak», azaldu du Jasone Salaberriak, bilketaren arduradunak. Haien lau aitatxi-amatxiak, bestalde, ikerketa eremu berean sortuak izan behar ziren, hots, laurak hizkera bereko eremu batean. Gizonak hautatu dituzte, eta ez emazteak, azterketa mitokondriala eta Y kromosomarena egin ahal izateko. Emazteak hautatuz, azterketa mitokondriala bakarrik egin baitzitekeen. Lau arbasoak eremu berekoak izanik, XIX. mendearen bukaerako egoerara itzultzeko bidea segurtatu dute.
Azterketa genetikoak Parisen, Pasteur Institutuko laborategi batean, eta Pompeu Fabra Bartzelonako unibertsitateko beste ikergune batean egin dituzte, L. Quintana-Murci eta D. Comas genetikalarien ardurapean. Ikerketaren ondorioak martxoan eta apirilean nazioarteko aldizkari espezializatuetan argitaratuak izan dira, eta ikertzaileek ezagutaraziko dituzte emaitzak. Horrela eginen zutela hitzemana zieten beren DNA ematea borondate onez onartu duten jendeei, baita finantzaketa segurtatu duten tokiko erakundeei ere. Sei ezaugarri agerian eman dituzte, bat ezaguna, eta bertze bortzak ez, jakinarazi du Salaberriak.
Pirinioko herri eta hizkuntzei buruzko azterketa egin dute
Mila pertsonaren DNA laginak aztertu dituzte Baionako Iker zentroak koordinatu ikerketan; bihar aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu