1978an sortu zen PKK Kurdistango Langileen Alderdia, Abdullah Ocalanen eskutik. Sozialismoa eta abertzaletasun kurdua dira erakundearen jatorrizko ezaugarriak, eta 1960-70 hamarkadetan Turkiak eta Kurdistanek bizitako egoera sozioekonomikoa dago ezkerreko abertzaletasun horren atzean. Turkian 1970an estatu kolpea eman zuten militarrek gogor jazarri zuten mugimendu kurdua, eta 1973tik aurrera gobernu zibil bat berrezartzeak ahalbidetu zuen Ocalanek, Ankaran politika zientziak ikasten ziharduenak, alderdi bat egituratzea.
1980an beste estatu kolpe bat eman zuten militarrek Turkian, eta berriz ere estu hartu zituzten kurduak. Horrela, alderdia militarizatu eta 1984an altxamendu armatu bati ekin zion PKK-k Turkiaren aurka. 1993an, su etena eman zuen Ocalanek, PKK alderdi politiko gisa legeztatzearen truke. Meniak ez zuen luzaroan iraun, Turgut Ozal Turkiako lehen ministro zena eta PKKrekin negoziatzearen alde zegoena hil baitzen urte hartan bertan. Militarrek hartu zuten boterea beste behin, eta alderdi kurduari militarki eraso egitea lehenetsi zuten.
1999. urtera arte iraun zuen egoera horrek. Ocalan atxilotu zuten Kenian, eta ordutik preso dute Marmara itsasaoan, Imrali irlan. Urte horretan bertan beste su eten bat eman zuen PKK-k, eta 2004an hartu zituen berriro armak. Garai horretarako, ordea, planteamendu politiko berri bat onetsi zuen PKK-k: konfederalismo demokratikoa deiturikoa. Proposamen horren arabera, Iranen, Iraken, Turkiaren eta Siriaren menpe dauden eremu kurduek gobernu autonomo zabal bat izango lukete, eta horiek estatu konfederal baten antzerako egitura bat osatuko lukete. KCK Kurdistango Herrien Konfederazioa arduratu da ideia hori mamitzeaz.
2006az geroztik menia ugari eman ditu PKK-k, baina indarkeria gogortu egin da azken urteetan. Guztira, 40.000 pertsona baino gehiago hil dira gatazkaren ondorioz 30 urtean. 2009tik 2011ra Oslon aritu ziren hizketan PKK eta Turkiako Gobernua, baina negoziazioak eten egin zituzten. Osloko hizketaldiak amaitu ostean, ehunka kazetari, abokatu eta politikari -baita BDP legezkoa den alderdi kurduko kideak ere- atxilotu ditu Turkiak. 2012an, 688 presok 68 eguneko gose greba egin zuten, besteak beste Ocalan aske uzteko eta kurdueraz publikoki hitz egiteko eskubidea errespetatzeko eskatuz.
Iazko urte amaieran, ordea, Ocalanekin elkarrizketa prozesu bat abiatu zuten Turkiako zerbitzu sekretuek, gatazka konponbidean jartzeko. Hala ere, hiru militante kurduren hilketak Turkiaren Gobernuaren gainean jarri zituen begiradak; kurduek salatu zuten Ankararen eta PKKren arteko elkarrizketa oztopatzeko saioa izan zirela hilketak.