Elkar hartu duten eragileen artean daude SOS Arrazakeria, CCOO, Munduko Medikuak eta Caritas, besteak beste. Egin dezagun Europa babes lurralde izeneako adierazpena aurkeztu dute, Europak errefuxiatuen auzian duen ardura nabarmentzeko. Hiru eskari jarri dituzte mahai gainean.
1. Erantzukizuna. Europako Batasunari eskatu diote hartzeko bere gain errefuxiatuen auziaren oinarrian dauzkan “erantzukizun politiko larriak”. Gatazka askoren oinarrian Europak zerikusi zuzena daukala ohartarazi dute.
2. Nazioarteko hitzarmenak. Asiloa eskuratzeko baldintzak bete dituzten pertsona guztiei emateko eskatu dute. Enbaxadetan, adibidez, eskariak jasotzeko lekuak jartzea nahi dute, eta Europako Batasunaren barruan libre ibili ahal izatea asilodunek.
3. Erregularizatzea. Europako Batasunean egoera irregularrean dauden pertsonei paperak emateko eskatu dute. “Modurik zuzen eta eraginkorrena da prekarietatea, esplotazioa eta pertsonen trafikoa borrokatzeko”. Ez dute ontzat jo erakunde batzuk erabiltzen ari diren argudioa —dei efektua sortuko lukeela horrek—.
Eskari horien altzoan, herritarrei dei egin diete “mugimendu indartsu bat” sor dezaten, “erakundeei eskatzeko pertsona errefuxiatuak hartzeko”. Nabarmendu dute, gainera, “oinarrian” egin behar dela lan, gatazkan dauden herrialdeetan, bestela ezinezkoa izango delako arazoari irtenbidea ematea.