Secours Catholique edo Laguntza Katolikoa erakundeak joan zen urteko emaitzak plazaratu berri ditu eta azaroaren 16an Parisen mintegia eginen du larrialdiari aterabidea atzemateko asmoz. Ipar Euskal Herrian pobreziak larriki egin du gora eta elkarteak 4.712 laguntza eman zituen joan zen urtean. Kopuruen emendatzea bortitza izan da, abantzu %20, 2001ean 3.958 izan baitziren laguntzak. Laguntza izenaren gibelean errealitate ezberdinak daude gainera. Une bakarrerako laguntzak izan daitezke edo hilabetetan luza daitezkeenak. Errealitate horrek oraindik kezka handiagoa eragiten du.
-Gero eta gazteago: Lagundu dituzten pertsonak gero eta gazteagoak dira.25 eta 49 urte artekoak dira lagundutakoen %75. 25 urtez beherakoak %8 eta 50 urte baino gehiago dituztenak %17. Arduradunek lan egiteko adinean direnen kopuruaren garrantzia nabarmentzen dute batez ere.
-Emazteak: Laguntza eske heldu direnen artean abantzu erdia dira haurrak bakarrik hezten dituzten emazteak dira: 2.000 inguru guztira. Kopuruak nabarmen egin du gora urtebetean. 2001ean %35 baziren, 2002an %43 dira. Pobrezia familiaren ardura duen emazte aurpegiz agertzen da gero eta gehiago. Gisa berean pobrezian haurrak bakarrik hezten dituzten aitak laguntza jaso duten pertsonen %2 dira.
-Barnealdea: Kostaldean laguntza eskatu duten pertsonen kopurua emendatu bada ere, emendatze handiena barnealdean eman da: Zuberoan eta Nafarroa Beherean bereziki. Lapurdi barnealdean ere gora egiten dute Secours Catholiqueren laguntza behar dutenen kopuruek.
-Etxebizitza:Barnealdeko herrietan etxebizitza sozialak eraikitzen hasi dira. Horrez gain, prezioak arras apalagoak dira han, kostaldearekin alderatuz. Kostaldean abantzu ezinezkoa egiten zaio dirusarrera apalak dituen familia bati etxe bat erosi edo alokatzea. Egoera horren ondorioz, hainbat jende kostaldea utzi eta barnealdera joan da bizitzera.
-Familia:Gizarteak ere ohiko babesguneak desegiten ditu. Euskal Herrian hertsia izan da familia bateko kideen arteko lotura orain artean. Etxebizitzen prezioen gorakadaz gain, bakarrik eta familiaren laguntzarik gabe bizitzeko hautua egin duten pertsonen presentziak azaltzen du nolabait barnealdean pobreziak bizi duen gorakada. Laguntza eskatzeko arrazoi nagusia, kasuen %90ean, familia barruko hausturaren bat da.
-Sarea:Secours Catholique-ren sarea zabalduz doa. Presentzia nabarmenena kostaldean zuen baina harreragune berriak sortzen ari dira barnealdean.
-Laguntzak:Berehalako larrialdiei ihardestea da erakundearen lehen eginkizuna. Garraioa da arazoetarik bat. Auto bat mantentzeko dirudirik ez dute eta garraio publikoak biziki urriak dira barnealdean. Garraioaren arazoa konpondu gabe ezin dute lanik atzeman. Haurtzaindegirik ezak emazteak haurrekin gelditzera behartzen ditu anitzetan.
POBREZIA IPARRALDEAN
Pobreziaren garrasi isila
Secours Catholique elkartearen babesa eskatzen duten pertsonen kopurua %20 inguru hazi da urtebetean Ipar Euskal Herrian; gero eta gazteagoak dira eta abantzu erdiak familiaren ardura duten guraso bakarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu