Euskal Herrian geroz eta aberastasun gehiago sortzen da urtero, baina geroz eta esku gutxiagotan pilatzen da. Baieztapen horretan oinarritu du Elkartzenek aberastasuna banatzeko proposamen berri bat, Europako ikerlari batzuek proposatutakoaren ildotik. Pobreziaren muga urteko biztanleko barne produktu gordinaren (BPG) %37,5ean jartzea da proposatutako lehen pausua. Muga horren azpiko diru sarrera duenari gutxieneko kopuru horretara heltzeko gizarte soldata bat bermatzea da bigarrena. Ordea, neurri horiek Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) egokitzapenarekin osatu beharko lirateke, eta biztanleko BPGaren %50ean kokatu.
Elkartzenek proposamenaren datu zehatzak aurkeztu zituen atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle bakoitzeko BPG 30.645 eurokoa da 2007an. Horren arabera urtean 11.492 eurotan jarri du Elkartzenek pobreziaren muga; hau da, 958 euroko hamabi soldata edo 821 euroko hamalau soldata, lansari bereziak barne. Muga horretan egon beharko luke gizarte soldatak, Elkartzenen ustez. Neurri horren aurretik LGS biztanleko BPGaren %50ean jarri beharko litzateke, 15.322 euro urtean. «Euroguneko herrialdeen artean LGS baxuenetako bat dago Hego Euskal Herrian», argitu zuen Igor Uriarte Elkartzeneko kideak.
Gizarte soldata hori jasotzeko eskubidea izango lukete soldatarik edo gizarte laguntzarik jasotzen ez duten hemezortzi urtetik gorako biztanleek. Horretaz gain, soldata izan arren edo gizarte laguntza jaso arren, pobreziaren mugaren azpitik daudenek gizarte soldata jasotzeko eskubidea ere izango lukete, muga horretara heltzeko osagarri baten bidez. Horrela, pertsona guztien errentak osatuko lirateke, Elkartzenen iritziz.
FORU ALDUNDIAK NEURTZAILE. Biztanleen diru sarrerak neurtzeko tresna egokiena pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena (PFEZ) izango litzateke, proposamen berri horren arabera. Pertsona guztiek egin beharko lukete aitorpena. Horrela, foru aldundiek dituzten tresnen bidez, gizarte soldata jaso behar dutenak zehaztuko lirateke. Horretaz gain, neurtzeko modu horrek iruzurraren jarraipen gogorragoa ekarriko luke, pertsona guztien benetako diru sarrerak modu egokian kalkulatu ahal izateko, Elkartzenen arabera. Aldundiek gizarte soldata banatzeko ardura izango lukete, eta Eusko Jaurlaritzari egiten dizkioten diru ekarpenetatik kenduko lituzkete. Nafarroari dagokionez, bertako Gobernuak berak egingo luke dena.
Diru laguntza ezartzeak ez luke berebiziko ahalegin ekonomikoa ekarriko, Elkartzenen esanetan. Alde batetik, lanbide arteko gutxieneko soldata egokia ezartzean gizarte soldata beharko luketenen kopurua txikituko litzateke. Soldaten hobekuntza horrek errentaren aitorpenean ere eragina izango luke, eta aldundiek diru gehiago bilduko lukete. Azkenik, aberastasuna modu egokian banatzeak kontsumoa handituko luke, eta BEZarekin biltzen den dirua eta herrietako ekonomia piztuko lirateke, Elkartzenen aurreikuspenen arabera.
Aberastasuna modu egokian banatzeko beharra arrazoitzeko Elkartzenek EAEko egoera adibidetzat erabili du. Hiru probintziek aitortutako aberastasunaren erdia biztanleen %21ek eramaten dute, bigarren erdia %62arentzat da eta gelditzen den %17ak ez du inolako irabazirik. Azken multzoan gazteak, emakumeak eta 72 urtetik gorakoak dira batez ere ezegonkortasun hori gehien pairatzen dutenak.
IKUSPEGI OROKORRA . Neurri horrekin batera beste hainbat neurri nabarmendu zituen Igor Uriartek bizi baldintzen prekarizazioarekin bukatzeko. Etxebizitza hutsak erabiltzearen beharra eta alokairuaren aldeko politikak eskatu zituen. Bizigune eta Vinsa ekimenak baliogarriak ez direla azpimarratu zuten Elkartzeneko ordezkariek, diru publikoa esku pribatuetara igarotzen baita horren bidez. Lanaren banaketa eta gizarte zerbitzu publikoak bermatzeko beharra azpimarratu zuen azkenik.
############
EAEk aitortu duen diruaren erdia biztanleen %21ek eramaten dutelagogoratu du Elkartzenek
############
Pobreziaren muga 11.492 eurokoa da aurten proposamenaren arabera: 821 euroko hamalau soldata
############
Pobreziaren muga biztanleko BPGren %37,5ean jartzea proposatu du Elkartzenek
Mugaren pareko gizarte soldata eta LGSren igoera eskatu ditu aberastasuna modu egokian banatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu