POBREZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA. «Beti gauza bera esaten didate: 'Ez dituzu beharrezko teklak jo'. Baina nik ez baitakit solfeorik»

Garikoitz Goikoetxea.
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kalea du bizitoki Luis Miguel Santamariak. Etxerik gabe eta erakundeen laguntzarik gabe dago joan deneko hilabeteetan. Barakaldon eta Sestaon (Bizkaia) egiten du bizimodua. Barakaldokoa da sortzez. «Badirudi beste planeta batekoa naizela, baina ni hemengoa naiz». Ez, erakundeentzat. Ez ikusia egiten diote. Espainiako Gobernuak langabeziagatik emandako diru laguntzak ahitu zaizkio, eta Barakaldoko eta Sestaoko udaletan atea itxi diote, behin eta berriro. Ez dago inon erroldatuta, ez duelako etxerik. Eta erroldatuta ez dagoela argudiatuta, ez diote diru laguntzarik ematen. «Baina ni hemengoa naiz, kristo!», dio, berriro.

Urteetan sukaldari aritua da Santamaria, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan. Ordea, bete-betean jo du krisi ekonomikoak. Lanik ez, eta nora jo ezik dago. «Lan egin nahi dut, hori argi dut». Horrek hautsiko luke Santamaria harrapatua duen zurrunbiloa: lan eginda lortuko lituzke sosak etxeren batean sartzeko, horrela izango luke modua herriren batean erroldatzeko, eta erakundeek ezingo liokete bizkar eman.

Abuztutik ez du ohe batean lo egin. Langabezia laguntza amaituta, hilabete eta erdi eman ditu auto batean. Han izan du 18 urteko semea; banatuta dago gizona, eta gaztea berekin du. «Behintzat, aterpe bat zen autoa. Orain, hori ere ez daukat». Utzitako auto batean pasatzen zuten gaua aitak eta semeak. «Hedabideetan atera orduko eraman zuten autoa».

Harrezkero, ez du nora jo. Semeak lagun batzuen etxean hartu du ostatu, behin-behinean; aitak, kalean. Barakaldoko kutxa automatiko batean gauak pasatzen ahalegindu da; besteak beste, arreta deitzeko. Baina lehen saioan bertan, atera eta herriko gizarte zerbitzura eraman zuten udaltzainek. Baina orain arteko erantzun bera, besterik ez zioten eman: ez zegoela erroldatuta, ez ziotela lagunduko. Aurrerabiderik ez, eta mehatxu gogorra egin zuen Santamariak: bere buruari su emango ziola ohartarazi zien gizarte zerbitzuetako langileei, gasolio poto pare bat ondoan zuela. Ez zuen bete mehatxua, baina konponbiderik ez diote eman. Nola-hala ari da orain, tabernetako kristalak-eta garbitzen, jateko lain ateratzeko. Baina mehatxuak hor segitzen du.

Erakundeen jarrera bidegabea dela berretsi du: «Beti gauza bera esaten didate: 'Ez dituzu beharrezko teklak jo'. Baina nik ez baitakit solfeorik». Ez diote konponbiderik ematen; ezetz esan soilik. Min du, inguruko erakundeek itxi diotelako atea. «[Sestaoko] alkateak betidanik ezagutzen nau, baita aurrekoek ere». Barakaldoko eta Sestaoko udalek muzin egin diete Santamariaren eskariei. Herri horretakoa ez dela erantzuten diote behin eta berriz; hark baietz dio, agiri mordoxka bat eskuan duela.

Eta orain zer? «Hedabideetan segitu nahi dut tematuta». Herritarren babesa jasotzen duela dio. Baina ez du horien bizkar jarri nahi bere patua. Haietako asko ere larri baitabiltza: «Inguruan asko dira krisia jasaten ari direnak». Ez du horiengan jarri nahi bere etorkizunaren behin-behineko zutabea: «Ez, hori ez da irtenbidea». Bizimodua berriro antolatzen hasi nahi du, egoera irauli. «Ni ez naiz eskalea, hori da nire oinarria». Negua ate-joka dela, larriagoa da azken aste hauetan beharra: «Aterpe bat behar dut. Gainerakoei ematen dietena nahi dut»». GARIKOITZ GOIKOETXEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.