Politika hutsa maite duen filosofoa kudeaketara emana bizi da Gipuzkoako ahaldun nagusia denetik. Kontraesan horretaz galdetu dio aurkezle lanetan diharduen Martxelo Otamendi BERRIA-ko zuzendariak Markel Olanori (Beasain, 1965). Izaera, ibilbidea eta Lizarra-Garaziko aurrekariak kontuan hartuta, ohartarazi dio jardun politiko hutsagoa espero zitekeela eta ez hain lotua instituzioaren kudeaketarekin. Filosofiatik erantzun dio Markel Olanok lehenik, egoera ezberdinetara gizakiak egokitzeko duen gaitasuna gogora ekarriz. Politikatik ondoren: alderdi jeltzalearentzat jardun instituzionala duen garrantzia eta postuari dagozkion ardurak gogoratuz. Baina, agerpen guztietan bi atalak, kudeaketa eta mezu politikoa, uztartu dituela nabarmendu du. Lotsatia dela aitortu du eta bere bokazioa ez dela jendaurrean hitz egitea. Ekarri du gogora Lizarra-Garaziko garaietan norbaitek esan ziola Euskadi Irratiko solasean hasi behar zuela Joseba Permachen ondoan. Tila hartzeari ekin behar izan zion.
Lotsa pixka bat ere nabaritu zaio, Martxelo Otamendik gonbidatuaren soslaia egitean pasarte ezagunak ez direnak aipatu dituenean. Entzuleek gustura jaso dutenak.
Gazte garaiko rock zaletasuna ekarri du gogora Otamendik. «System of a Down taldearen jarraitzaile sutsua da, Smashing Pumpkins taldeko bateria munduko onena dela deritzo. Baina musika lasaiagoa ere maite du, The Chieftainsen talde irlandarraren diskografia osoa dauka».
Gazte garaiko beste zaletasun pare bat ere aipatu du aurkezleak, gonbidatuaren irribarrea ateraraziz. Bata, futbola, Beasain taldean ibilitakoa baita Markel Olano. «Behin partida batean Txiki Begiristain aurrelari iheskorra aurrean jarri zitzaion arte. Orduantxe erabakiko zuen, ziur aski, herri honen zerbitzua beste alor batean eskaintzea». Bestea, Natashia Kinskyren edertasunarekiko miresmena.
«Teknologia zalea da, berantiarra baina oso zalea. Eskuko mugikorrak, programak, aplikazioak, pantailak, jaitsi... ohiko hitzak dira Olano jaunaren hiztegian». Teknologia zaletasuna eta euskaltzaletasuna konbinatuz, iPhonerekin berak ikus daiteke: Xabier Leteren hiletaren ondoren, Urnietako elizaren atarian jendeak egindako kantu omenaldian. Blog pertsonalean du eskegita. «Baina maite maite, argazkigintza maite du. Argazkigintza estetikoa eta politikoa. Ez da izango Euskal Herrian perretxikorik, tximeletarik, muxarrik Gipuzkoako diputatu nagusiak argazkia atera ez dionik», osatu du Martxelo Otamendik Markel Olanoren soslaia.•
Martin Ugalde Foroa. Markel Olanoren hitzaldia. Soslaia. Markel Olano
Politika zainetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu