Erro sakonak ditu euskal gatazkaren militarizazioak. Gatazka politikoaren beste ondorioetako bat da, askoren ustez. Ezin da ukatu, baina, herritarren eguneroko bizimoduan eta, bereziki, eztabaida politikoan eragin nabaria izan duela. ETAren jardun armatuaren amaierakikusmolde aldaketa ekarri beharko luke. Hala uste dute mugimendu antimilitarista eta bakezaleetan aritutakoek. Gatazka armatua amaituta, hitzaren eta eztabaida demokratikoaren balioa berreskuratzeko garaia dela diote.
Patxi Azparrenen arabera, aldaketa sakona izan da azken urteetan. Gatazkaren militarizazioa «bi aldeetan» gertatu dela uste duen arren, «abertzaletasunak» desmilitarizazio prozesu azkar bat egin duela iruditzen zaio. «Gaur egun abertzaletasunaren gehiengoak erantzungo luke armadarik gabeko Euskal Herri aske bat nahiko lukeela; duela bi hamarkada ideia hori ez zen nagusi».
Azken urteetako bilakaerari helduz, Azparrenek uste du «bake prozesu original bat» gertatzen ari dela Euskal Herrian. «Trukean ezer jaso gabe, erakunde armatu batek armak utzi ditu, baina Espainiako Estatuak ez du inolako keinurik egin. Orain egoera horretan gaude. Eragile guztiok gatazkaren desmilitarizazioa lortzeko keinuak egin beharko genituzke, baina Espainiako Estatuak ez du urrats bakar bat ere egin», salatu du.
Gorka Espiaurentzat, berriz, «arriskutsua» izan daiteke desmilitarizazioaren gaia eztabaidaren erdigunean jartzea. «ETAk erabaki du bere jarduera armatua bertan behera uztea, baina oraindik ez da normalizatu eztabaida politikoa, eta bizikidetzaren eremuan hainbat urrats egin behar dira». Elkarriko kide ohiaren arabera, desmilitarizazioari buruzkoeztabaidak bake prozesua baldintza dezake, kalterako. «Ez dauka zentzurik presoen egoera aldatzeko, ETAk armak entregatzea eskatzea. Hori eszenifikazio bat izan daiteke, eta ez du ziurtatzen arma gehiago ez dagoela». Estatuen desmilitarizazioari dagokionez, berriz, «normaltasunez» etorriko dela uste du. «ETAk bere erabakiari eusten badio eta atentaturik ez badago, orain arteko militarizazio mailak —kontrolak, polizien presentzia handiak— ez du zentzurik izango».
Militarismoaren oinarriak
Azparrenen arabera, euskal gatazkaren militarizazioa ulertzeko, XVIII-XIX. mendeetara jo behar da, «nazio estatuen sorrerara». «Espainiak eta Frantziak Euskal Herriko gatazka politiko eta juridikoari armen bitartez erantzun zioten, bai iparraldean bai hegoaldean. Horrekin batera, soldadutza sortu zuten, herritarren artean ideia bat zabalduz: gatazka politiko eta juridikoak armen bitartez konpontzen dira». Horrek jarraipena izan zuen Hego Euskal Herrian, 1936ko gerran eta frankismoan. «Muturrera eraman zuten militarizazioa,eta pertsonen arteko harremanak eta bizimodua baldintzatu zuten». Horri erantzunez sortu zen ETA, eta beste hainbat arazori irtenbidea emateko asmoz, Azparrenen iritzian. «Armak hartu zituen, eta, gutxienez, Aljerkoa izan arte, negoziazioa baldintzatu zuen». Azparrenen arabera, horrek eragina izan zuen herritarren pentsamolde eta jarreretan. «Gizartearen zati batek ETA babesten zuelako, ETAren agindu estrategikoak eragina zeukan pentsamoldeetan, taldeetan. Sektore asko estrategia militar baten pean kokatzen ziren».
Aljertik aurrera, baina, aldaketa sakona izan dela uste du. Haren iritziz, mugimendu antimilitaristen sorrerak eta mugimendu horren aldarrikapenak pentsamolde aldaketa eragin zuten euskal gizartean. Prozesu horretan, Anoetako aldarrikapena «mugarri bat» izan zela uste du. «Anoetan, ETAk lehen aldiz onartu egin zuen arlo politikoa politikoei, herritarrei zegokiela. Aldaketa sakona izan zen; egun dugun egoeraren hasiera izan zen». Urrats horrek abertzaletasunaren barne dinamikak aldatuko dituela uste du. «Orain gauzak modu gardenago batean erabaki ahal izango dira, modu parte hartzaileago batean».
Politikaren eta armen arteko desamodioa
Mugimendu bakezaleetako kideek uste dute gatazkaren militarizazioak eragin nabaria izan duela eztabaida politikoan eta eragileen arteko harremanetan. Aro berri batean gaudela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu