Polizia elkarlana «sendotzea» aztertu dute Rubalcabak eta Aresek

ETA «ia geldi» dagoela onartu arren, haren aurkako borrokari «gogor» eutsiko diotela esan dute

Erredakzioa
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Amaieraren hasieran gaude, baina ETAk bizirik dirau, ez ditu armak utzi, ez du indarkeriaren amaiera iragarri, eta, hori horrela ez den bitartean, guk erne jarraituko dugu, orain arte eutsi diogun polizia eta justizia sendotasun berarekin», adierazi zuen atzo Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehendakariorde eta Barne ministroak, Erandion Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresekin egindako bileraren ostean. «Kale borroka gutxieneko historikoetan dago, estortsio gutunak jada ez dira iristen, ETAren operatibotasuna gutxienekoan dago, eta Euskadiko kaleetan ez da ikusten biktimei min egin dizaiekeen sinbolorik», esan zuen Rubalcabak, «baina ETAk ez du aterik itxi, eta, hori horrela, geuk ere tinko eutsiko diogu borroka antiterroristari».

«Borroka antiterrorista» baitzen atzo Rubalcabak eta Aresek egindako bileraren muina, eta polizia indarren arteko elkarlana eta koordinazioa. Eta elkarlana «sendotzeko» konpromisoa hartu zutela adierazi zuten biek ala biek.

ETAren aurkako borrokari «gogor» eutsiko diotela esan zuen Rubalcabak, eta, alde horretatik,Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko koordinazioa «ongi» doala azpimarratu zuen. Aresek, berriz, elkarlan horri «gorenean eustea» funtsezkotzat jo zuen, «ETA inoiz baino ahulago egon arren, terrorismoa amaitzeko azkeneko urratsak egiten ari garela dirudien arren, ETAk hor dirauelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.