Auzitegiak

Polizia etxean egindako deklarazioak ez dira froga izango epailearen aurrean berresten ez badira

Espainiako Auzitegi Gorenak bere egin du Auzitegi Konstituzionala 2012tik erabiltzen ari zen irizpidea, eta hartutako erabakiak azken urteetan izan den anbiguotasuna amai dezake.

Gazte batzuen aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean. FERNANDO VILLAR, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko ekainaren 3a
07:42
Entzun

Atxilotu batek polizia etxean egiten duen deklarazioak ez du aurrerantzean epaiketa batean baliorik izango. Espainiako Auzitegi Gorenak gaur hartu duen erabakiaren arabera, soilik epaile baten aurrean egindako deklarazioak erabili ahal izango dira froga gisara auzipetu bat zigortzeko.

Hala, Gorenak bertan behera utz dezake azken urteetan irizpideetan izan den anbiguotasuna. Izan ere, 2006an hartu zuen erabaki eztabaidatu batean atea ireki zuen polizia etxeko deklarazioei balio hori kentzeko —ordura arte ez zen zalantzan jartzen—, eta harrezkero epai desberdinak egon dira, auzipetuaren aldekoak eta kontrakoak.

Anbiguotasuna, epailearen jarreraren arabera

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012an ere ebatzi zuen polizia etxeko deklarazioak ezin zirela erabili froga gisara. Jada ordutik kontua ez da froga nahikoa ba ote den edo ez, baizik eta ez duela baliorik. Hala ere, erabaki hori ez da orain arte behar bezain sendoa izan, eta epaile batek, nahi izanez gero, interpretazio bat edo beste egin zezakeen. Horren ondorioz, azken urteetan erabaki desberdinak izan dira, nahiz eta duela ia bederatzi urtetik zenbait epailek irizpide hau erabiltzen duten.

Auzitegi Nazionalean, esate baterako, jada ez zen zigortzeko froga gisara erabiltzen polizia etxeko deklarazioa. Gorenaren gaurko erabakiak interpretazioetarako ateak itxi ditzake. Hamabi epailek bozkatu dute deklarazioei froga balioa kentzearen alde, eta bostek kontra.

Ez du atzeraeraginkortasunik

1980ko hamarkadatik asko eta asko izan dira polizia etxean berak edo beste norbaitek egindako deklarazioa froga gisa erabilita espetxera zigortu dituzten euskal herritarrak. "Ehunka edo milaka", adierazi dio epaiketa politikoetan defentsan aritzen den abokatu batek BERRIAri. "Espainiako justiziaren bidegabekeria agerian uzten du erabaki honek". Oraindik ere egon badira espetxean irizpide hori erabilita dauden presoak, baina horien zigorrak atzeraezinezkoak dira, epaitu zituztenean deklarazio horiek bazutelako froga balioa, BERRIAk jakin duenez.

Orain arte nahikoa izan da atxiloaldian parte hartu zuten poliziak epaiketaren ahozko saioan polizia etxeko deklarazioa baieztatzea, nahiz eta atxilotuak instrukzio epailearen aurrean eta epaiketan bertan hori ukatu. Aurrerantzean, ordea, atxilotuak deklarazio hori instrukzio epailearen aurrean berresten ez badu, ez du froga baliorik izango. Irizpide hori jada zenbait epailek erabiltzen bazuten ere, beste ate batzuk irekitzeko balio dezake; izan ere, polizia etxeko deklarazioen balioa bertan behera uzten du. Gogoetarako atea irekitzen du horrek.

Polizia etxeko deklarazioen eragina

Azken epaiketa askotan auzipetuen defentsak argudiatu du, gainera, epailearen aurrean egindako deklarazioak presiopean eta torturapean egin direla aintzat hartu behar dela, eta bide horretan poliziaren aurrean egindako deklarazioak ere baldintzatu egiten dituela salatu dute. Hori da, adibidez, orain dela gutxi epaitu dituzte gazteen auzia. 28 auzipetu zituzten Segi kideak izatea leporatuta.

Epaiketan horietatik hamabiri karguak kendu zizkieten. Epaian bederatzi gazte absolbitu zituzten polizia etxeko deklarazioa epailearen aurrean berretsi ez zutelako, baina beste zazpiri seina urteko espetxe zigorra betetzen hasi dira, epailearen aurrean berretsi zutelako. Abokatuek salatu zuten deklarazio hori inkomunikazio aldian jasan zituzte presio eta torturen eraginez egin zutela, eta polizia etxean deklaratu behar izateak ere eragina duela gaineratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.