GIZARTEA

Polizia etxeen maskulinizazioak emakumeen kalteberatasuna areagotzen du

Emakundek babestutako ikerketa batek polizien atxiloketa prozesuetan emakumeek izandako esperientzia aztertu du. Indarkeria matxistaren kasuetan andreek jasan dezaketen “biktimizazio bikoitzaz” ohartarazi dute ikertzaileek.  

'EAEko emakumeen atxiloketa polizialaren esperientzia' txostenaren aurkezpenerako agerraldia, gaur, Gasteizen. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
aitor biain
2018ko urtarrilaren 16a
15:33
Entzun

EAEko emakumeen atxiloketa polizialaren esperientzia izeneko ikerketaren arabera, polizia etxeak “oso gune maskulizinatuak” dira, eta, ondorioz, emakumeen kalteberatasuna handitzen dute. Izan ere, tratu “neutral eta objektiboa” lehenesten da polizia kulturan eta arlo penalean, eta baldintza soziokulturalei eta generoari lotutako eragin negatiboa ez da kontuan hartzen atxilo dauden emakumeen kasuan. Halaber, ondorioztatu dute genero diferentziak daudela polizia estatistiketan agertzen diren andreen bolumenari dagokionez, haiek egiten dituzten delitu motei eta arau-hauste horien ondorioei dagokienez, atxiloketaren esperientzia pertsonalari dagokionez eta baita polizia erakundeak haiek identifikatzeko duten moduaren eta ebaztearen kasuan ere.

Lohitzune Zuloaga, Estibaliz de Miguel eta Miren Ortubai dira azterketaren egileak, eta gaur aurkeztu dute, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera. 2011 eta 2016 artean EAEn poliziak atxilotutako emakumeen esperientzia genero ikuspegitik landu dute. Ertzaintzaren eta udaltzainen datuak jasotzearekin batera, 62 andreren adierazpenak ere jaso dituzte ikerlanerako.

Ertzain etxeetan atxilo emandako denborak ez du 24 ordu baino gehiago irauten gehienetan. Emakumeen kasuan, baina, epe hori ahalik eta gehien laburtzen saiatzen dira, ikerketan adierazi dutenez. Erakunde maskulino batean egoteak dakarren “deserosotasuna” da horren erantzulea, eta ez haien “jarrera otzana”, ikertzaileek adierazi dutenez. Izan ere, atxiloketa prozesuan eta poliziekin izandako harremanetan, kontuan hartu beharreko bestelako bizipenak dituzte emakumeek: bizipen subjektiboa —estigmatizazioa eta beldurraren esperientzia handiagoa, eta seme-alaben gaineko kezka handiagoa, esate baterako—, garbitasuna eta higienea, edota gorputzaren bizipena, besteak beste.

Azken urteetan arau-hausteren bat egiteaz akusatu dituzten andreen kopuruak gora egin duen arren, gizonekin alderatuta gutxiengoa dira oraindik: batez beste, %10,9 dira emakumeak, eta %89,1 gizonezkoak. Horrez gain, berretsi dute emakumeek delitu arinagoak egiten dituztela eta gehienetan ez dutela indarkeria erabiltzen. Zifren bilakaera aztertuta, agerian geratzen da, gainera, kasuen erdietan ondarearen aurkako delitua dela arau-hauste mota nagusia. Identifikatutako profilaren arabera, gizarte bazterketa eta marjinazioa jasaten duten emakumeak dira gehienetan.

“Biktimizazio bikoitza”

Emakumeek jasan dezaketen “biktimizazio bikoitzaz” ere ohartarazi dute ikertzaileek. Izan ere, azken urteetan gora egin du familia esparruan gertatutako indarkeriarekin lotutako emakumezkoen inputazio edo atxiloketa kopuruak –%14 dira–, batez ere indarkeria matxista kasuetan gizonezkoek “kontrasalaketak” aurkezten dituztelako. Hori horrela, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak babesteko sortu zen prozedura haien aurka erabiltzen ari dela gogorarazi dute ikertzaileek.

Ildo horretan, “gogoeta sakona” egin behar dela nabarmendu dute, emakumeek pentsa ez dezaten sistema haien kalterako ari dela. Polizia praktikak hobetzeko hainbat neurri ere proposatu dituzte.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.