Espainiako Auztegi Konstituzionalak "herren" utzi du polizia gehiegikerien biktimei begirako Nafarroako legea, EH Bilduk salatu duenez, legearen hainbat atal indargabetzeko hartu duen erabakiarekin. Koalizioak Iruñean egin duen agerraldian, Bakartxo Ruiz parlamentariak azaldu du legea hiru zutabetan oinarritzen zela: egiaren, justiziaren eta ordainaren printzipioetan. Konstituzionalak "egia jakiteko eskubidearekin zerikusia duen oro" deuseztatu du, Ruizen esanetan. Auzitegiaren erabakiak ikerketa eragozten duela ohartarazi du, eta horrek biktimen aitortza bideraezin egiten duela, horretarako egitate jakin batzuk egiaztatzea ezinbestekoa baita.
Ebazpenaren bidez, Konstituzionalak giza eskubideen urraketa horien arduradunak babestu nahi dituela nabarmendu du Ruizek.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk egiaren, justiziaren eta ordainaren printzipioak bilduko dituen lege "integral" berri bat adostera deitu ditu Nafarroako Gobernua babesten duten gainerako indarrak. "Formula zehatzak bilatu beharko dira, eta ziur gaude egingarria dela".
Ildo horretan, gaineratu du orain egoera hobean daudela Konstituzionalak indargabetu duen legea egin zutenean baino. "Orduan ez zegoen Bake eta Elkarbizitza Zuzendaritza Nagusirik, ezta Memoria Instituturik ere". Egungo egoerak beste aukera batzuk eskaintzen ditu, Ruizen esanetan.
Parlamentariaren iritziz, Geroa Bai, EH Bildu, Nafarroako Ahal Dugu eta Ezkerraren talde parlamentarioek elkarlanean aritu behar dute, eta lan horrek aitzat hartu behar ditu polizia gehiegikerien Nafarroako biktimak. Azken horiek haserre agertu dira Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenarekin.
Koalizioak lege berri bat adosteko ahalegina irailean hastea proposatu du eta lege berria agintaldia amaitu aurretik onartzea ezarri du helburu.
Bestalde, Ruizek gogora ekarri du koalizioak Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren agerraldia eskatu duela parlamentuan, legearen indargabetzeari buruz iritzia eman dezan eta egoerari irtenbidea emateko zer proposatzen duen azaldu dezan.
"Beste eraso bat gehiago"
Ruizekin batera, agerraldian izan da Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria ere. Araizek gaitzetsi egin du Konstituzionalaren ebazpena, eta nabarmendu du Nafarroaren autogobernuaren kontrako "beste eraso bat gehiago" dela, baita "Nafarroak bere legeak erabakitzeko duen eskubidearen aurkako erasoa" ere.
Araizen esanetan, auzitegiaren jarreraren atzean "arrazoi politikoak" daude; "Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak (PP) bere garaian azaldutakoak". Adierazi duenez, "argi dago PPrentzako biktima horiek ez direla existitu, ez dutela existitu behar eta ez direla aitortuak izan behar". Pablo Casado PPko buruak joan den asteburuan esandakoak ekarri ditu gogora. Espainian polizia gehiegikeriarik ez dela izan ziurtatu zuen, Gasteizen.
"Jokoan dagoena egia jakiteko eskubidea da", Araizen iritziz. Ohartarazi du biktimak guztiei ez zaizkiela eskubide berak aitortzen.