Poliziak aitortu du ez dagoela oinarririk Amaia Esnal eta Mañel Serra zigortzeko

Fiskalak horien aurkako akusazioak ken ditzake gaur, azken orduko aldaketak egin behar dituela esan baitu

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Madril
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Bateragune auzian akusazioaren muina landu duen poliziak akusazio horiek egiteko erabili dituen argudio gehienak gainbehera nola erortzen ziren ikusi zuen atzo, akusatuen abokatuen galderei ezin erantzun ibili zenean. Kasu batzuetan, zalantzarik gabeko baieztapenak egitera ere iritsi zen, defentsari arrazoi emanez. Amaia Esnal eta Mañel Serraren kasuan, ez dagoela auzi horretan akusatuta izateko arrazoirik aitortu zuen; horien aurka egiteko arrazoirik ez dagoela.

Akusazioak Bateraguneko kidetzat dituenak LABen Donostiako egoitzan biltzen zirela dio poliziak, bilerak sekula ikusi ez dituzten arren. Hori oinarri hartuta, egoitza horretara joaten zirenak susmagarritzat zituen. Polizien hitzetan, egoitzara «modu jarraituan» joatea izan da akusazioak egiteko oinarrietako bat.

2009 hartan, lau hilabetean birritan joan zen Esnal LABen egoitzara. «Horri modu jarraitua esan ahal zaio?», galdegin zion bere defentsan ari den Arantza Zuluetak poliziari. «Ez, ez», aitortu zuen poliziak.

Esnal atxilotu eta etxea miatu ziotenean ere ez zuten auziarekin loturarik duen txostenik aurkitu. Bere aurka egiteko poliziak duen «froga» bakarra 2009ko martxoaren 16ko prentsaurrekoan egon izana da. «Hori ez da nahikoa, ez», aitortu du poliziak.

Antzekoa da Serraren kasua. Garai hartan lan kontuengatik behin baino gehiagotan LABen egoitzara joan izana da haren aurka egiteko oinarri bakarra. «Ezin da esan Bateragunekoa denik, ez», aitortu du kasu horretan ere.

Horiek horrela, pentsa daiteke fiskalak gaur horien aurkako akusazioak bertan behera uztea, txostenean azken orduko aldaketak egin behar dituela esan baitu.

Txelui Morenoren aurkako «froga» bakarrak prentsaurreko batean parte hartu izana, LABen egoitzara behin joan izana eta Miren Zabaletarekin telefonoz hitz egin izana da. Polizia akusazioari eustearen alde dago, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.