BIKTIMAK

Poliziaren biktimen legea bere eskumenekoa dela adierazi dio Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalari

Eusko Jaurlaritzak alegazioak aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuak legearen kontra ezarri zuen helegiteari, eta ukatu egin du Espainiako Justiziaren esparruan esku hartzen duela.

Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' desagertuaren anaia. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko irailaren 12a
09:00
Entzun

1976 eta 1999 artean "motibazio politikoko indarkeria egoeran" gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea helburu duen legea konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Espainiako Gobernuak, eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu zion 2016ko urrian. Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen PPren gobernuaren salaketa, eta, ondorioz, legearen hainbat artikulu indargabetuta daude, behin-behinean. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, alegazioak aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuaren helegiteari, legea bere eskumenekoa dela defendatzeko.

Bi gobernuen arteko desadostasun nagusia legeak eratzea agintzen duen balorazio batzordearen ingurukoa da. Batzordeak izango luke poliziaren biktimen aitortza eskariak aztertzeko ardura. Espainiako Gobernuaren arabera, batzordeak Espainiako Justiziari dagozkion ahalmenetan esku hartuko luke, eta, beraz, legeak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak gainditzen dituela salatu du. Aldiz, Jaurlaritzak aurkeztu berri dituen alegazioetan argudiatu du batzordearen jarduna arlo administratibora mugatzen dela eta ez duela esparru penalean esku hartzen, ez baitu inolako zigor ahalmenik.

Horrez gain, Jaurlaritzak argitu du legearen helburua ez dela giza eskubideen urraketen gaineko gertakariak delitu gisa sailkatzea, ezta horien egileak zein izan diren ikertzea ere. Helburua biktimak aitortzea eta horiei ordain ematea dela zehaztu du.

Jaurlaritzak gaineratu duenez, Espainiako Justiziaren jardunean esku ez hartzeko neurriak zehazten dira legean. Esaterako, preskribatu gabeko espedienteak epaitegietara bideratzea eta edozein neurri bertan behera uztea epaibidean kausaren bat irekita dagoela jakinez gero.

Espainiako Gobernuaren iritziz, inori biktima izaera aitortu ahal izateko ezinbestekoa da erabaki judizial bat edo estatuko segurtasun indarren txosten bat oinarri hartzea. Eusko Jaurlaritzak dio bestelako iturri batzuk ere baleko direla eskubideen urraketa baieztatzeko, eta adierazi du oraindik aitortu eta ordain eman gabeko "giza eskubideen urraketa larriak" frogatuta gelditu direla txostenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.