Giza eskubideen arloan lan egiten duten hainbat eragilek agerraldi bat egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordearen aurrean, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen «gehiegikeriak» eta jokabide «arrazistak» salatu eta horiek amaitzeko neurriak eskatzeko. 118 eragilek sinaturiko 29-M Stop Arrazakeria Poliziala manifestuan oinarrituta, «egiturazko arazo larri» bat azaleratzeko beharra azpimarratu dute, «publikoki ia agertzen ez dena eta erakundeek aitortzeari uko egin diotena».
Karen Brunel eta Ibrahima Bah Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideek aurkeztu dute manifestua batzordean, joan den urteko martxoaren 29an Bilboko San Frantzisko auzoan Ertzaintzak eginiko esku-hartze baten harira abiatu zena. Egun hartan, Ertzaintzak mutil gazte bat eta haren ama jo eta atxilotu zituen auzoan, hainbat bizilagunek bideoan grabaturiko eta arrazistatzat jotako operazio batean, eta gertakariak oihartzun handia izan zuen.
Bada, poliziaren operazio hura, kasu bakan bat izatetik urrun, auzoaren «militarizazioaren» eta profil etnikoetan oinarrituriko identifikazio «sistemikoen» ondorio izan zela adierazi du Bahk gaur Legebiltzarrean, eta azpimarratu gertakaria «icebergaren punta» besterik ez dela. Hain zuzen, polizaren jokabide horiek, ohikoak izateaz gain, inpunitateaz ere gozatzen dutela salatu du SOS Arrazakeriako kideak, eta, zentzu horretan, gogorarazi du oraindik ez dutela berririk izan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu ohiak San Frantziskoko kasuari buruz iragarritako barne ikerketaren inguruan.
Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan iaz jasotako salaketen gehiengoa («ia %40») poliziaren aurkakoa izan zela jakinarazi du Brunelek, eta arreta berezia jarri du profil etnikoan oinarritutako identifikazioetan: «[Pertsona arrazializatuak] funtsezko arrazoirik gabe gelditzen dituzte, soilik susmagarri izatearen pertzepzioan oinarrituta, [...] eta askotan iraindu eta gaizki tratatzen dituzte».
Halaber, profil etnikoan oinarrituriko identifikazio hauen harira SOS Arrazakerian jaso dituzten salaketen %80 «egoera erregularrean» dauden pertsonenak direla azaldu du Brunelek, eta uste du horrek jokabide «arrazista» bat frogatzen duela: «Jendea ez dute bere ekintzengatik gelditzen, bere ezaugarri fisikoengatik baizik».
Babesa ere «kriminalizatuta»
Pertsona arrazializatuek poliziaren partetik jasaten duten tratua salatzeaz gain, haien eskubideen defentsan agertzen diren herritarrak ere «kriminalizatuak» izan ohi direla azpimarratu dute manifestuaren sinatzaileek, eta, San Frantzisko auzoko adibidearekin jarraituz, gogorarazi dute poliziaren ekintzak grabatu zituzten hainbat bizilagun identifikatuak izan zirela hurrengo egunetan.
Horrekin lotuta, agenteen gehiegikeriak salatu ditzaketenen aurkako «disuasio estrategia» bat salatu dute, «mehatxuen eta gezurren bitartez» herritarrek poliziaren operazioak grabatzea eragotzi nahiko lukeena.
Egoera aldatzeko proposamen zehatzak
Poliziaren praktika «diskriminatzaile» eta «ilegal» horiek ezabatzeko eta «gure hiriak, herriak, auzoak eta kaleak pertsona guztientzako seguruak izan daitezen», Legebiltzarrean plazaratutako gaiari buruzko eztabaida sozial eta politiko «sakon» bati ekin beharra dagoela adierazi dute gaurko agerraldian, eta horretarako lehen pausoa arazoa bera «onartzea» dela nabarmendu dute.
Gainera, eztabaidari bide eman eta gehiegikeriak amaitze aldera, segurtasun politikak aldatzeko hainbat proposamen ekarri dituzte mahai gainera M-29 Stop Arrazakeria Poliziala manifestuarekin. Besteak beste, agenteek eginiko identifikazio bakoitzean gelditutako pertsonari bere identifikazioaren arrazoiak, profil etnikoa eta prozeduraren emaitza zehazten dituen jakinarazpen fisiko bat ematea proposatu dute, «diskriminazio sistematikoak» estatistika zehatzen bidez ikusarazi ahal izateko
Era berean, Ertzaintzaren zein udaltzaingoen prozedurak eta protokoloak gehiago kontrolatzea eskatu dute, «larruazalaren kolorean, ezaugarri fisikoetan, etnikoetan, kulturaletan edo erlijiosoetan oinarritutako pertsona errugabeen identifikazioak prebenitzeko eta ezabatzeko». Alde horretatik, agenteen hautaketa eta prestakuntza prozesuak ere gainbegiratzea proposatu dute, «aurreiritzi eta jarduera arrazistak zuzendu eta ezabatzeko» helburuarekin. Eta, Poliziaren gehiegikeriek orain arte izan duten «inpunitatea» desagerrarazi eta giza eskubideen defentsa babesteko, praktika arrazisten eta gehiegikerien salaketak «ahalbidetzea eta bermatzea» exijitu dute manifestuaren sinatzaileek.