Ertzaintzaren atxiloketa arbitrarioak salatu dituzte Bilboko bizilagun batzuek

San Frantzisko auzoko hainbat bizilagunek grabatu dute bideoetan gertakaria: kale batean ertzainak gazte bat identifikatzen hasi dira, haren ama jo, lurrera bota, eta atxilotuta eraman dituzte biak. Halakoak ugaritzen ari direla salatu du SOS Arrazakeriak.

2020ko martxoaren 29a
22:59
Entzun

Bideoak sare sozialetan zabaldu dira igande iluntzean. Haietan ikusten da nola ertzain batzuek gazte bat gelditzen duten kalean, eta identifikatzen hasten dira. Gazteak zenbait erantzun ematen dizkie ertzainei, eta azkenean horma baten kontra jartzen dute, atxilotzeko edo miatzeko posturan. Borraz jo ere egin dute, postura horretan zegoela. Bilbon gertatu da, igande arratsalde honetan, San Frantzisko auzoan.

Bizilagun asko atera dira leihoetara eta balkoietara, gaztea bakean uzteko eskatzera, eta poliziaren portaera "arrazista" salatu dute. Momentu horretan emakume bat agertu da, poliziei oihuka esan die gazte hori bere semea dela, eta buruko osasun arazoak dituela, bakean uzteko. Baina poliziek ez diote kasurik egin.

Emakumea urduri jarri da, senarrari eskatu dio semearen gaitza egiaztatzen duten agiriak ateratzeko, eta semearengana gerturatu da, baina poliziek apartatu egin dute. Emakumeak behin eta berriro esan die semeak buruko gaitz bat duela eta uzteko. Ertzain batek, azkenean, borra atera, eta jo egin du emakumea. Bertan erori da andrea. Konturik gabe bezala gelditu da.

Parez pare grabatu ditu bizilagun batek gertakariak. Ertzaintzaren dozena erdiren bat auto agertu dira, eta zazpi poliziaren artean atxilotuta eraman dituzte emakumea eta haren semea. Bizilagunek etxeko konfinamendutik buila egin diete polizie, emakumearentzat anbulantzia bat eskatzeko, baina ez dute halakorik egin. Hamar minutu baino lehenago kalea hustu dute poliziek.

"Militarizatutako" kaleak

SOS Arrazakeriak salatu du Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik ugaritu egin direla kontrol "arrazistak" eta arbitrarioak. Baita tratu txarrak ere. Erantsi du Bilboko beste auzoetan baino "militarizazio eta Poliziaren presio handiagoa" dagoela San Frantziskon.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakudeak ere ohar bat kaleratu du, auzo horiek bizi duten "bazterkeria eta pobrezia" egoera salatzeko, zeina okertu egin baita alarma egoera indarrean jarri denetik auzo horietan bizitzen ari diren "polizia gehiegikeriekin".

"Neurriak ezarri direnetik, polizia autonomikoak eta udaltzaingoak militarizatu egin dituzte gure kaleak, beldurra eta tentsioa sortuz", azaldu du taldeen koordinakundeak. Salatu du "abusuak" egiten ari direla poliziak, jendea kalean modu arbitrarioan eta zakar identifikatuz, eta horren kontra egin izan duten auzotar batzuei salaketak jarri dizkietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.