Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi egin du Polizien Legearen proposamena aintzat hartzea. Horrela, legebiltzarrak hasi du lege egitasmoaren tramitazioa. Ez du kontrako botorik jaso: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSNk aldeko botoa eman dute, eta UPN, Ahal Dugu-Orain Bai, PPN eta Ezkerra abstenitu egin dira.
Geroa Baik eta EH Bilduk bultzatutako lege proposamenaren helburua da 15/2015 Foru Legearen bidez “txertatutako aldaketak aplikatzean sortu diren arazoak” konpontzea, polizia eredu “modernoa eta erreferentziakoa” antolatu ahal izateko. Iaz Nafarroako Gobernuak proposatutako Polizien Legea ez zuen onartu parlamentuak.
Adolfo Araiz EH BIlduko bozeramaileak azaldu duenez, aurreko legegaia baztertu ondoren, "lanean jarraitu beharra zegoen erakundeari egonkortasuna emango dion Polizien Lege bat lortzeko". Gaineratu du oraingo lege proiektuaren helburua dela Foruzaingoa "erreferentziazkoa eta integrala" izatea.
Geroa Baiko parlamentari Patxi Leuzak, berriz, uste du proposamenak "aro berri bat" ordezkatzen duela, eta beharrezkotzat jo du egitasmoa, "Foruzaingoa modu modernoago batean eta egungo beharretara egokituta antolatu dadin".
Sergio Sayas UPNko parlamentariak Maria Jose Beaumont kontseilariaren aurka jo du: "Ezin du minutu bat gehiago egin Foruzaingoaren buruzagitzan, ez baitu sinesgarritasunik, ezta erakunde polizialen nahiz parlamentuaren errespeturik ere".
Ruben Velasco Ahal Dugu-Orain Baiko parlamentariaren iritziz, lege proiektuak "hobekuntzak" jasotzen ditu Nafarroako Gobernuak iaz aurkeztutako proposamenarekiko. Inma Jurio PSNko parlamentariak "erantzukizunagatik" babestu du legea tramitatzea, eta uste du "hitz egiteko, eztabaidatzeko eta adosteko garaia" dela, "legearen eraginpean jardungo duten langileen gehiengoak ez dezan araua baztertu".
PPNko Ana Beltranek eskatu du legeak "Foruzaingoko kideen adostasuna" izan dezala, beharrezkotzat baitu polizien "egonkortasuna".
Ezkerrako Jose Miguel Nuinen arabera, "agerikoa da Polizien Foru Legearen ezaugarria izan dela adostasun politiko eta sindikal zabal baten falta". Horregatik, espero du oraingo saioan lortzea adostasun maila hori, horrek emango diolakoan "egonkortasun juridikoa".