Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak «gehiegikeria» egin dute Sorturi buruzko txostenetan, JpD Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramaile Jose Luis Ramirezen ustez. Poliziek eta guardia zibilek egin eta Espainiako Barne Ministerioak Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorritako txostenetan, «balorazio juridikoak» egiten dituztela ohartarazi du epaileen elkarteko bozeramaileak. Hori epaileen lana dela, eta, beraz, dagozkien eskumenetatik harago joan direla. Izan ere, bere idazkietan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ondorioztatu dute Sortu Batasunaren jarraipena dela. Legez kanporatu egin behar dela, beraz. «Gobernua eta Fiskaltza dira lehen balorazioa egin behar dutenak, eta ez Polizia ezta Guardia Zibila ere», esan du Ramirezek. «Horien lana ekintzen berri ematea da soil-soilik».
Hortaz, txosten horiek ez direla lotesleak ohartarazi du epaileen elkarteko bozeramaileak. Eta ezin dutela balorazio juridikorik izan. «Ondorioz, ez dagokio Poliziari ezker abertzalearen alderdi berria ETAren jarraipena den edo ez ondorioztatzea», zehaztu du RNE Espainiako irrati kateari emandako elkarrizketan. «Txosten horietan ETAren jarraipena dela ondorioztatu badute, gehiegikeria egin dute, hori izaera juridikoa duen erabakia baita».
Halako balorazio juridikoak egiteko «Alderdien Legearen parametroak menperatu» behar direla azaldu du Ramirezek. Eta halako kasuetan «baloraziokanonak oso zorrotza» izan behar duela, «elkartzeko eta alderdi politikoak osatzeko eskubidea» daudelako jokoan.
APM Magistraturako Elkarte Profesionaleko bozeramaile Pablo Llanerak ere bat egin du JpDkoaren irakurketarekin. Poliziak ezin duela «Sortu ETAren jarraipena den edo ez baloratu» esan du. Polizien eginbeharra Sorturen «izen-ematearen atzean legeari iseka egiteko nahia ote dagoen galderari erantzun arrazional eta logikoa ematen laguntzeko datuak ekartzea» dela zehaztu du.
«Itxuragabea»
Polizien txostenek «inolako froga fidagarririk gabe» Sortu «ETAren tresna hutsa» dela esatea «itxuragabea» da Alternatibaren ustez. «Egunkaria eta Udalbiltza auzietan gertatu bezala, txosten polizialek ETArekin lotura izatea leporatu diote Sorturi inolako froga barik», ohartarazi du Oskar Matute bozeramaileak. Bi auzi horiek absoluzioekin amaitu ziren arren, auzipetuak «terroristatzat» jo zirela eta hori Sorturi buruzko txostenak egin dituzten polizia indar berberen txostenengatik izan zela azaldu du.
Espainiako Gobernuari «arinkeriaz» aritzea egotzi dio horregatik. «Herri honetan susmoaren orbana tesi ofizialak kolokan jartzen dituen edozein arlotara zabaltzen da». Hain zuzen, «orban» hori Alternatibara ere iritsi dela salatu du Matutek; ezker abertzalearekin akordio estrategikoak egin izanagatik polizien txostenetan agertzen dela.
Hori guztia ikusirik, «sorgin ehiza» bukatzeko eta «indarkeria mota guztiak errefusatzen dituen alderdia seinalatzeari uzteko» eskatu dio Espainiako Gobernuari, «jarrera horrek demokraziaren kalitateari kalte egiten diolako».
Ramon Jauregi Espainiako Presidentziarako ministroak azaldu du Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenek Sortu «ETAren zerbitzura dagoen alderdia» dela diotelako eskatu duela Espainiako Gobernuak Sortu ez legeztatzeko.
Polizien txostenak «gehiegikeria» direla esan du JpD epaileen elkarteak
Poliziek ezin dutela balorazio juridikorik egin esan du, auzitegiei dagokiela hori; APM elkarteak iritzi bera du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu