Datuak

Positiboen portzentajea %6,9 da Hegoaldean

Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 7.000 test inguru egin dituzte igandean, eta 504 kasu positibo zenbatu dituzte. Birusaren aldaera britainiarraren hedapen azkarraz ohartarazi dute agintariek.

COVID-19a atzemateko baheketa Lazkaon, joan den astean. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 29a
12:52
Entzun

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 7.345 proba egin ziren Hego Euskal Herrian koronabirusa detektatzeko. Ohi denez, astegunetan baino aski apalagoa izan zen egun bakarrean egindako test kopurua, eta, beraz, aurreko egunen aldean, nabarmen txikiagoa izan zen zenbatutako positibo kopurua ere: 504 kasu. Horietatik 183 Bizkaian detektatu dira; Nafarroakoak 142 dira; Gipuzkoakoak, 119; eta Araban zenbatuak, berriz, 57.

Egun bakarrean egindako testen gaineko positiboen ehunekoa bereziki kezkatzekoa da Hegoaldean. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko mugarria, eta, azken asteotako datuei so, ehunekoa langa horren gainekoa da ia egunero. Zehazki, igandean egindako testen %6,9k eman dute positibo. Gainera, adierazle horri dagokionez, datua are larriagoa da Nafarroan: atzoko testak oinarri, %8,3 da ehunekoa.

Aldaera britainiarra da nagusi

Kutsatzeen goraldia gertatzen ari den honetan, birusaren aldaera britainiarra gero eta gehiago zabaltzen ari dela jakinarazi dute Hegoaldeko osasun agintariek. Are, Labiko koordinatzaile Jonan Fernandezen esanetan, aldaera britainiarrak ia guztiz ordezkatu ditu aurretik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zirenak. Gainera, Fernandezek onartu du joera hori bereziki kezkagarria dela pandemiaren bilakaerarako: «Hainbat ikerketak erakutsi dute aldaera hori kutsakorragoa eta gogorragoa dela, eta horrek nabarmen eragin dezake ospitaleetan», ohartarazi du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan ere aldaera britainiarra da nagusi. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, aldaera britainiarrekoak dira foru erkidegoan atzematen diren kasuen %90.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.