Euskal Herriko postontzietan jasotzen diren iragarkietatik %78k ez dute euskarazko hitz bakar bat ere jasotzen. Gaztelania edo frantses hutsean daude. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman du datua, Euskal Herrian posta bidezko publizitateak hizkuntza eskubideak errespetatzen dituen ikertu baitute. Postontzietako publizitatea eta hizkuntza eskubideak Euskal Herrian du izenburu txostenak, eta, urterokoez gain, argitaratzen duten hamabigarrena da. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak kezka azaldu du euskarak iragarkietan duen leku txikiagatik, eta arduraz jokatzeko eskatu die bai merkatariei bai kontsumitzaileei ere.
Behatokiak 2009ko ekaina eta uztaila bitartean jaso zituen iragarkiak, guztira 5.509 orrialde. 104 enpresak banatutako publizitatea aztertu zuen. Barañainen (Nafarroa), Donibane Lohizunen (Lapurdi), Gasteizen, Getxon (Bizkaia), Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) banatutakoak ziren, lurralde eta hizkuntzaren egoera juridiko ezberdineko adibideak jasotzeko asmoz. 104 enpresetatik 70 merkataritza talde edo kate erraldoiak ziren; beste 34ak, aldiz, denda txikiak.
Euskarak iragarkietan presentzia «eskasa» duela ondorioztatu du Behatokiak, jasotako 244 euskarrietatik 191k ez dutelako euskarazko hitzik jasotzen. Gainera, euskarazko hitzak jasotzen dituztenen artean ere ezberdintasunak daude, batzuek azalean eta azken orrialdean besterik ez dutelako idazten euskaraz.
Iragarleek euskararen estatus juridikoa kontuan izan dutela ere nabarmendu du Behatokiak. Euskarak estatus ofizialik ez duen lurraldeetan, bere presentzia «hutsala» dela azpimarratu du Behatokiko zuzendariak, Lapurdin eta Tuteran banatzen diren iragarkietan ez baitute euskarazko hitzik aurkitu. Nafarroaren kasuan, zonifikazioa errespetatu egiten dute iragarleek: Barañainen, euskarri gehienak gaztelaniaz daude; Tuteran, ordea, guztiak. Datu horiei kontrajarriz Oiartzungo adibidea dago, non 32 euskarritatik 10 dauden gaztelania hutsean.
Hutsuneak legedian
Txostenaren arabera, egun indarrean dagoen legediak ez du jasotzen publizitatea tokiko hizkuntzan argitaratu behar denik. Hori dela eta, saltokiek publizitatea frantsesez zein gaztelaniaz argitaratzen dutela uste du Petriatik, eta, beraz, «euskaldunok publizitatea euskaraz jasotzeko dugun hizkuntza eskubidea urratu» egiten dela.
Ez dute sakonean neurtu iragarkietan erabilitako euskararen zuzentasuna, baina erreparatu dute euskara «soilik maila sinbolikoan» erabiltzen duten enpresen publizitateak oker gehiago dituela.
Ohar ugari helarazi nahi izan dizkie Behatokiko zuzendariak kontsumitzaile eta iragarleei. Lehenei, euskaraz iragarri diren produktuen alde egiteko eskatu die, eta euskaraz galdegiteko nahiz kontsumitzeko gonbita egin die: «Garrantzitsua da gure kontsumo ohitura arduratsuen artean euskara erabiltzea». Enpresa askorentzat euskara «bigarren mailako hizkuntza» dela uste du, eta iragarleei gogorarazi die euskarak abantailak eskaintzen dituela bezeroak egin eta mantentze aldera.
Txostena merkataritza elkarteetara igorriko du Behatokiak, horiek enpresa handi zein txikien artean zabal dezaten.
Posta bidez banatzen diren iragarkien %78k ez dute hitzik euskaraz
Posta bidezko publizitatea eta hizkuntza eskubideen inguruko txostena aurkeztu du Behatokiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu