PP bakarrik gelditzen ari da egungo espetxe politikari eusteko teman

Ezker abertzaleak uste du Sarkozyk, presoak gerturatzearen alde agertuta, agerian utzi duela «Espainiaren immobilismoa»«Espetxe politika inteligentea» eskatu dio Patxi Lopezek PPri, Eusko Legebiltzarrean

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ez du ikusi nahi, eta gaiaz hitz egitea saihestu nahi du, baina PP bakarrik gelditzen ari da euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika bere horretan uzteko asmoan. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea presoak hurbiltzearen alde agertu ostean, Parot doktrina delakoaren kontrako hitzak izan ditu PSE-EEk. Baina Mariano Raxoik uko egin dio gaiaz hitz egiteari, kazetariek Sarkozyren adierazpenei buruz galdetu dietenean. «Gauzak argi ditugu: lehentasuna ETA desegitea da», esan du.

Euskal gizarteak argi erakutsi zuen urtarrilaren 7 manifestazioan espetxe politika aldatzeko urgentzia dagoela. Eta gizartea ez ezik, alderdi politikoak ere urratsak egiteko eskatzen ari zaizkio Espainiako Gobernuari. Atzo PSE-EEk egin zuen eskaera, Eusko Legebiltzarrean.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak espetxe politika «inteligentea» martxan jartzeko eskatu zuen. Nolanahi ere, Lopezek ez zuen eskaera hori egin presoen eskubideak errespetatzeko helburuz, baizik eta ezker abertzaleari «biktimismoa» egitea eragozteko aldatu beharko litzateke estrategia, haren irudiko. Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere hitz egin zuen Patxi Gomezi Parot doktrina aplikatzearen kontra.

Espainiako Gobernua «bakarrik eta abandonaturik» azaldu da, Espainian ez ezik, nazioarteko komunitatearen aurrean ere, ezker abertzalearen irudiko: «Aurrea hartu dio Sarkozyk, eta denen begi bistan utzi du Espainiako Estatuaren immobilismoa». PPk ere Sarkozyren «era berean» hartu behar luke presoen gaia, Maribi Ugarteburuk prentsaurrekoan esan zuenez.

Sarkozyk BERRIAren galderari erantzunez presoak Euskal Herrira gerturatzea «posible eta desiragarria» dela esateak aurrekaria ere badu, ezker abertzalearen ustez. Hala, gogora ekarri du Frantziako Asanbleak urtarrilean ia aho batez onartu zuela presoek jatorritik gertuen dauden espetxeetan zigorra bete behar zutela esaten zuen mozioa.

Jarrera horrek «talka egiten du aurrez aurre» Espainiako Gobernuarenarekin, ezker abertzalearen irudiko. «[Hark] Euskal Herrian ireki den agertoki berriaren aldeko neurriak edo pausoak eman beharrean, oraindik orain eskubideen urraketari eusten dio argudio politiko bakar gisa», esan du Ugarteburuk.

Frantziako Gobernuak adierazpenak egin ditu, baina mugimendurik ez.

Horiek horrela, «konponbidearen aldeko eragile proaktibo» bihurtzeko eskatu die ezker abertzaleak Espainiako zein Frantziako estatuei, eta «salbuespenezko politikak» alde batera uzteko.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak ere ildo bereko hitzak izan ditu. Frantziak Espainiako Gobernuari «lezioa» eman diola uste du. Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan esan zuen ETA desagertu egingo dela «inolako dudarik gabe». Horretarako aurreneko urratsa «borroka armatua uztea» izan zela esan du, eta hori Frantziako Gobernuak ulertu duen arren, Espainiakoak ez duela gauza bera egin. Zabaletaren ustez, Espainiako Gobernua «ez da arduraz jokatzen ari», ETAren ekimena amaitu dela ez egiaztatuta. Frantziak, bestalde, eredugarri jokatu duela gaineratu du. «Frantziako eskuina, eskuina da, baina askoz ere zibilizatuagoa da».

«Eremu praktikora»

Herrira mugimendua ere baikor mintzatu da Sarkozyren hitzez, baina uste du hitzetatik ekintzetara pasatu beharko lukeela Frantziako presidenteak. «Sarkozyk ardura eta lan handia dauka egiteko; haren esku dago berak adierazitakoa eremu praktikora eramatea», esan zuen Amaia Esnal mugimenduko kideak, Donostian emandako prentsaurrekoan.

Sarkozyk adierazpen horiek egin bazituen, beste alderdi batzuek «jarrera aldatu» duten arrazoi berarengatik egin zituen, Esnalen irudiko: «gehiengoak egin duen aldarriari» jarraitzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.