Euskal Herrian ireki den bake eta normalizazio politikorako aukera dela eta, giro nahasia dabil Madrilen. Espainiako egunkari nagusiek 2006ko bake prozesuari buruz aste honetan argitaratu dituzten ETAren ustezko akta batzuk baliatu ditu PPk Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren eta, bereziki, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren aurka jotzeko. Testuinguru horretan, Ramon Jauregi Presidentzia ministroak PPri eskatu dio bi alderdiek sinatutako Terrorismoaren Aurkako Itunarekin «leial» izateko, eta nabarmendu du PP agintean zenean ETArekin izandako elkarrizketen aktak «sinbolikoki hautsi» zituela alderdi sozialistak: «PSOEk ez du behin ere erabili ETAren paperik edo taldearen inolako informaziorik PPren gobernuari kalte egiteko».
Espainiako Gobernuaren Presidentzia ministroa Gasteizen izan da, hirigintza iraunkorrari buruzko jardunaldi batean, eta, kazetarien galderei erantzunez, asteon Madrilen eztabaidagai politiko nagusia izan den gaia izan du hizpide. Jauregik ohartarazi du «itxaropen garai honetan» alderdiek arduraz jokatu behar dutela, eta ETAri «protagonismoa» emateak giroa gaiztotu baino ez duela egiten ohartarazi du.
Presidentzia ministroak kritikatu egin du PP «[2006an hasitako] bake prozesuan izan ziren gertakizunez baliatu izana», gobernua «akusatuen aulkian» esertzeko. Izan ere, ETAren ustezko agiri horiek lotura estua dute Espainiako Auzitegi Nazionalean ikertzen ari diren Faisan auziarekin. PPren aburuz, agiri horietan agerian geratzen da gobernu sozialistak erakunde armatuarekin «politikoki kolaboratu» zuela. Alderdi horrek uste duenez, Irungo Faisan ostatuan egitekoa zen sarekada baten berri eman zion poliziako buruetako batek erakunde armatuko ustezko kide bati. PPk Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa egin du gertakari horren erantzule, eta Espainiako Kongresuan informazio horien inguruan azalpenak emateko eskatu dio Barne ministroari.
EAJk eta IUk, baina, aurreratu dute ez dutela PPren eskaera hori babestuko. Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak bere blogean azaldu duenez, PP auzi horretaz baliatzen ari da Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua «higatzeko». «Esandako guztiaz ziur baleude, egingo luketen lehenengo gauza izango litzateke Patxi Lopezi emandako babesa kentzea».
Aukera horretaz mintzatu zen herenegun gauen Mari Mar Blanco PPren legebiltzarkidea, baina PPren buruzagi nagusien ahotan ez da halakorik entzun oraindik. Mariano Raxoi PPren presidenteak, adibidez, adierazpenak leundu zituen atzo, eta gobernuari eskatzen dion «gauza bakarra» egia esatea dela adierazi zuen.
Idoia Mendia Eusko jaurlaritzako bozeramaileak PSE-EEk eta PPk Gasteizen duten akordioa «arriskuan ez» dagoela berretsi du.
Lokarrik, berriz, PSOEren eta PPren jarrerak kritikatu ditu. Alderdi horiek gobernuan izan direnean ez dutela bakea lortzeko aukera behar bezala baliatu salatu du.
«PP eta ETAren solasaldien aktak sinbolikoki hautsi ditugu», dio Jauregik
Espainiako Presidentzia ministroak PPri eskatu dio «leial» jokatzeko Terrorismoaren Aurkako Itunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu