Espainiako Kongresuan presazko lege ekinbide bat erregistratu zuen PPk irailaren 1ean, Auzitegi Konstituzionalak eskumena izan dezan bere ebazpenak betetzen ez dituena zigortzeko. Kongresuak ekinbide hori eztabaidara onartzeari buruz aritu dira osoko bilkuran, eta lehen langa gainditu du PPk, aldeko 183 boto eta kontrako 144rekin.
"Batzuek ezin dute denoi dagokigunaz erabaki". Rafael Hernando PPko Espainiako Kongresuko bozeramaileak ez du ezkutatu Kataluniako prozesu subiranista dagoela auzitegiaren eskumenak aldatzeko proposamenaren atzean. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak gero eta gutxiago betetzen direla nabarmendu du, eta hori Kataluniako independentismoaren hazkundearekin lotu: "Independentismoaren helburu bakarra Espainia apurtzea da".
Oharra egin du Hernandok: "Inori ez zaio doan aterako Konstituzionalaren ebazpenak ez betetzea". Lege ekimena erregistratzerakoan, mehatxutzat hartu zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak, eta haren hitzak gogoratu ditu Hernandok: "Espainiarren eskubide konstituzionalak urratu nahi dituztenek bakarrik ulertu behar dute [auzitegiaren erreforma] mehatxu gisa".
Oposizioa, aurka
Oposizio ia osoa azaldu da PPren asmoaren aurka; tartean, alderdi abertzaleak. Auzitegi Konstituzionala eta legeria "txiklea bezala" erabiltzea egotzi dio Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak alderdi horri: "Gobernuaren iruzur berri baten aurrean gaude". Erabakitzeko eskubidea "estatuei ez, herriei" dagokiela azaldu du, eta konstituzioaren ale batetik Espainiaren zatiezintasunari eta armada horren berme izateari erreferentzia egiten dioten artikuluak kenduz amaitu du hitzartzea.
Geroa Baiko diputatu Bixente Serrano Izkok azpimarratu du proposamena "zentzugabea" dela eta PPk, presazko tramitea erabilita, "eztabaida lapurtu" duela. Halaber, PPren diskurtso "nazionalista espainiarra" eta "antikatalana" salatu du.
Aitor Esteban EAJko diputatuak PPri leporatu dio "konstituzioaren eta sen onaren aurka" egitea erreforma: "Auzitegi Konstituzionala zuen beso betetzailea izatea nahi duzue".