Iraganeko diskurtsoetara itzultzeko arriskuaz ohartarazi zuen atzo Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Punto Radio ABC irratiari eskainitako elkarrizketan. Haren ustez, ezker abertzalea «diskurtso biktimista» elikatzen ari da, eta PP, berriz, «iraganaren gatibu da». Urkulluk onartu zuen etorkizunean urratsak egiteko orduan bere denbora behar duela PPk, baina, era berean, azpimarratu zuen iraganeko adierazpen politikoak betikotzeko eta «etengabeko berdinketan» erortzeko arriskua dagoela. Haren ustez, garai politiko berriak «diskrezioz lan egitea» eskatzen die alderdiei.
Urkulluk azaldu zuen ondo zehaztu behar direla «prozesuak, faseak eta etapak». Alde horretatik, haren ustez, gauza bat da ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera ziurtatzea eta bestea etorkizuneko ikuspuntuarekin elkarbizitza politikoaren normalizazioa eraikitzea. «Hemen, ikusi beharko da nola lan egiten den biktimen esparruan eta presoen eskubideez arduratzeko orduan».
Era berean, Urkulluren ustez, beste auzi bat da gatazka politikoa. «Batzuek, iraganean, ustezko helburu politikoak lortzeko bitarteko gisa erabili izan dute indarkeria, baina guk ez dugu zertan bi auzi horiek lotu».
Antonio Basagoitik, berriz, Radio Popularri eskainitako elkarrizketan, presoekin «obsesionatua» egotea egotzi zien Patxi Lopez EAEko lehendakariari eta Iñigo Urkulluri. Basagoitik azaldu zuen Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin «maiz» hitz egiten duela, eta haren lehentasun nagusia «ETA betiko desagertzea» dela. PPk izan dezakeen ardura oro gainetik kendu nahi izan zuen, eta aipatu zuen presoei dagokiela urratsak egitea: «Euren erabakia da, eta ez inongo epaile,ministro edo poliziarena. «Gizarteratzeko aukera egon badago, baina, horretarako, egindako mina aitortu behar dute, ETA talde terrorista apur bat amaitzen lagundu behar dute».
Eztabaida politikoari muzin egin zion, berriz. Haren ustez, «inoiz ez da jakiten nola amaitzen diren» eztabaida horiek. Alde horretatik, gogor kritikatu zuen euskal konstituzio bat bultzatzeko Jesus Egigurenek egindako proposamena. Basagoitiren arabera, ez da egungo esparru politikoa ukitu behar, eta, guztiz alderantziz, Gernikako Estatutuari prestigioa eman behar zaio, «guztien arteko bilgunea delako».
Hauteskunde mugimenduak
PSOEk idazkari nagusia aukeratu eta zuzendaritza berritu duela, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak «epe ertainera» hauteskunde mugimenduak antzematen ditu hala EAEn nola Nafarroan. Zabaletaren irudiko, PSOE Madrilgo gobernuari oposizio egiten hasten denean, horrek ondorioak izango ditu Hegoaldeko bi gobernuetan, bai Patxi Lopezen bai Roberto Jimenezen posizio politikoak ahuldu egingo direlako. Jaurlaritzaren kasuan, zail ikusten du Lopezek legealdia amaitzea. Udan egoerak «eztanda» egin dezakeela uste du. Nafarroaren kasuan, bi urteren buruan hauteskundeak egingo direla uste du.
PP «iraganaren gatibu» dela salatu du Urkulluk
Bake agertokian «diskrezioz» lan egin eta iraganeko diskurtsoak alboratu behar direla azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu